Eusko Trenbideak sozietate anonimoak ustiatuko ditu, Uribe Kosta zein Ezkerraldetik abiatuta, helmuga EHUko Leioa eta Erandioko campusa daukaten autobus lineak. Zerbitzu hori behin-behinean eman dio aipatu enpresari Bizkaiko Foru Aldundiak. Adjudikazioa datozen zortzi urteetarako izango da, eta urteko kostua 6,5 milioi eurokoa, foru iturrien arabera. Kopuru hori urtez urte eguneratuko dute, KPIren arabera. "Kontratu berriari esker, zerbitzuaren ustiapenak Bizkaiko Foru Aldundiari sortzen dion defizita % 5,1ekoa (2009an) izatetik % 4,3koa (2011n) izatera pasatuko da", diotenez. Uribe Kostako zerbitzuak eta Ezkerraldearen eta EHUren arteko loturak (Leioa) hamabi linea hartuko dituzte, eta ez da aldaketa handirik egingo aurreko kontratuaren aldean. Hala, bi ibilbide baino ez dituzte aldatuko: Getxo (Faduratik) eta Gurutzeta arteko A3471 linea ez da Areetatik igaroko. A3472 lineako autobusak, ordea, Bizkaiko Zubitik (Areeta) aterako dira Gurutzetara bidean. Argazkian, autobusak Leioako campusean / cc-by-nc-sa jmendicute.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!