"Langile borroka" lemapean, irteerak, hitzaldiak eta mobilizazioak prestatu ditu apirilaren 24tik maiatzaren 1era bitartean Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteak. Hasteko, bihar bertan, Ezkerraldera joko dute bizikleta irteeran, bertako antzinako industria guneak ikusteko. Irteera goizeko 10:30ean izango da Brankako egoitzatik bertatik. Apirilaren 28an, berriz, "Langile borrokak izandako bilakaera azken hamarkadetan" izeneko mahai-inguruan mintzatuko dira LAB sindikatuko kide bat eta bi behargin. Azken horiek, Euskalduna ontziolako borrokaldian aritutako langile ohi bat eta "La Balco" bezala ezaguna den Babckcock Wilcox enpresako bilakaera bizi duen beste behargin bat izango dira. Azkenik, Maiatzaren Lehenean kalera ateratzera deitu du Branka kultur elkarteak. Goizeko 11:30ean ekitaldia egingo dute Xake plazan, eta ostean triki-poteoa egingo dute. Argazkian, 2007ko Maiatzaren Lehena aldarrikatzeko LAB sindikatuak Algortan egindako manifestazioa.