Uribe Butroeko bertsolari txapelketa abiatuko dute iluntzean, historian lehen aldiz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 23a, 16:01

Gaur iluntzeko 9etan, historian lehenengo aldiz jarriko da martxan Uribe Butroeko bertsolari txapelketa, Txorierri eta Mungialdea eskualdeen artekoa. Fikako txokoak hartuko du lehen kanporaketa eta, beraz, estreinaldia. Bertan, ohiko afari gozoaren ostean, Malen Amenabar gazte larrabetzuarrak, adinez txikia izateagatik puntuatuko ez dutena, eta Ortzi Garitano derioztarrak Txorierriko osagaiak izango dira. Ibon Larrazabal "Larra"-k, berriz, etxean abestuko du. Saioa osatzen, Uribe Kostako hainbat lagun bertan izango dira: Galder Bilbao "Txapi" algortarra eta Leioan errotuta dagoena, Beñat Vidal leioaztarra eta Urdulizen bizi den Aitor Esteban itzubaltzetarra. Gai emailea, berriz, Iñaki Beitia "Arbildu" izango da. Bigarren kanporaketa maiatzaren 7an jokatuko da, Larrabetzuko eskoletan. Azkenik, finala Derioko Gurea aretoan izango da, maiatzaren 22an. Argazkian, Uribe Kosta eta Uribe Butroeko hainbat bertsolari Areetan, Ipar Uribeko azken txapelketan.

Ipar Uribe, Uribe Kosta, Mungialdea eta Uribe Butroe

Uribe Butroeko txapelketaren sorrerarekin batera, 1997an jaio zen Ipar Uribeko bertsolari txapelketarenak egin du, Arrate Illaro azken txapelduna izango dela. 2008an, 20 bertsolarik parte hartu zuten Uribe Kosta, Mungialdea eta Txorierri eskualdeak batzen dituen makroeskualdean. Haietatik, bost baino ez ziren izan Mungialdekoak eta Txorierrikoak, beste guztiak Uribe Kostakoak izanik. Gainera, Bizkaia mailan bertsolari gehien aurkeztu ziren tokia izan zen, hurrengoan, Durangaldean, hamaikak baino ez zutela parte hartu. Hori dela eta, Algortako Bertsolari Eskolak eskualdeko bertsolariek Bizkaiko txapelketara igotzeko traba handiagoa zutela kritikatu zuen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, gaia aztertuko zuela agindu zuen eta azkenean auzia makro eskualdea bitan banatzen konpondu da.

Dena den, orain dela bi urte baino bertsolari gehiago izango dira aurten bi txapelketak kontuan hartuz gero. Izan ere, 18 kide izango dira Uribe Kostan eta 12 Uribe Butroen. Azken eskualde horretan, ordea, partaideetako lau Uribe Kostakoak izango dira eta beste bat larrabetzuar bihurtutako itzubaltzetar bat.

Uribe Butroeko txapelketak historian daukan lehenengo aurrekaria 1959an burutu zen Mungialdeko txapelketa da, zazpi bertsolari bildu zituena. Hurrengo urtean, Busturialdeko beste abeslari batu ziren, Ireneo Ajuria muxikarrak jantzi zuela txapela. 1961ean, txapela Muxikara joan zen berriro, Jon Lopategik eskuratu zuela, hurrengo urtean bezala. 1964an, hirugarren muxikar bat nagusitu zen, Felix Ortuzar. Mungialdeko azken txapelketa 1966an burutu zen eta, ezinbestean, txapela Muxikara joan zen berriro ere, Abel Enbeitaren buruan. 1997an, Uribe Kostako txapelketa Txorierri eta Mungialdera zabaldu zen, Ipar Uribe Bertsolari Txapelketa osatuz.

Fikako saioan gaur arituko diren bertsolariak:

• Malen Amenabar: adinez txikiko neska larrabetzuarra. Ez dute puntuatuko. Bigarren izan da Bizkaian gaztetxo mailan, eta Euskal Herriko eskolarteko bertso finalista izan da.

• Ortzi Garitano Agirre: 30 urteko derioztarra. BBK gazte sariketetan eta Bizkaiko txapelketan eskarmentua dauka. Abere hiltegiek sortzen dituzten azpiproduktuen kudeaketan aditua izanik enpresaria da.

• Ibon Larrazabal Landa "Larra": 30 urtekoa. Gamiz-Fikakoa. Lehen Hezkuntzako irakaslea eta futbolaria da. Taket bertso-eskolako haur eta gaztetxoen irakasle dabil.

• Galder Bilbao "Txapi": Algortan bizi izan da urtetan, baina familia leioaztarra izanda, sorlekura bueltatu zen aspaldin. ALBEn eta bertso poteotan hazitako bertsolaria da. Ostalaria da.

• Beñat Vidal Gutxurraga: 24 urte. Sortzez Plentziakoa dan arren, Leioan bizi da aspalditik. Lehen Hezkuntzako Irakasle ikasketak egiten ari da eta Hezkuntza arautuko bertsolaritza irakasle da Leioako eta Getxoko eskoletan. Algortako Bertsolari Eskolan dabil. Hirutan parte hartu du Ipar Uribeko bertsolari txapelketan, eta aurton Uribe Butroekoan kantatuko du.

• Aitor Esteban Etxebarria: 31 urte ditu. Itzubaltzetarra da, Urdulizen bizi arren. Bertsozalea eta musikazalea, euskara teknikari lanetan dabil.

Uribe Butroeko bertsolari txapelketako bestelako egitaraua:

• Maiatzaren 7an, ostirala, 2. kanporaketa Larrabetzuko eskoletan. Bertso afaria 21:00etatik aurrera. Bertsolariak: Olatz Ibarluzea, Iker Gangoiti, Mikel Goiriena, Ekain Landa "Txispain", Asier Legarreta eta Peru Vidal. Gai jartzailea: Alberto de Abajo "Zoro"

• Maiatzaren 22an, larunbata, finala Derioko Gurea aretoan. Gai jartzailea: Bernardo Mandaluniz.

Ipar Uribeko bertsolari txapelketako egitaraua:

• Maiatzaren 14an, 1. kanporaketa Sopelako Ander Deuna Ikastolan. Bertso afaria. Bertsolariak: Imanol Uria, Unai Angulo, Arkaitz Gomez "Arkan", Peio Etxebarria "Bonbero", Itxaso Paya eta Inazio Vidal.

• Maiatzaren 21ean, 2. kanporaketa Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxean. Bertso afaria. Bertsolariak: Oier Iturralde "Atano", Peio Ruiz de Agirre, Arrate Illaro, Peio Arondo, Josu Landeta eta Gabi Basañez.

• Maiatzaren 28an, 3. kanporaketa Getxoko Txorimalo Gaztetxean. Bertso afaria. Bertsolariak: Joanes Igeregi, Miren Loizaga, Aitzol de Kastro, Jone Uria, Ekaitz Larrazabal “Katxo” eta Jagoba Pereda.

• Ekainaren 12an, finala Algortako Villamonte kultur etxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun