Txilerako dirua bilduko dute bizikletazaleen Erandioko lasterketaren bitartez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 23a, 17:18

Goizeko 9etan abiatuko da Erandioko udaletxe ondotik larunbat honetan, hilak 24, bizikletazaleei zuzendutako ibilaldiaren 17. edizioa. Erandioko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, toki berean bukatuko da martxa, 12:30etik 15:00etara bitartean, 112 kilometroko ibilbidea egin ostean. Besteak beste, Sondika, Getxo, Leioa, Derio, Zamudio, Mungia, Bakio, Loiu eta Urduliz zeharkatuko dituzte ziklistek. Orotara, 800 parte hartzaile inguru espero dituzte antolatzaileek. Gainera, aurtengo edizioa elkartasun kutsua ere izango du. Partaideek ordaindu beharreko inskripzio kuotetatik euro bana otsailaren 27ko lurrikarak kaltetutako Txileko lagunentzat izango da. Gauzak horrela, Udalak zein hainbat boluntariok sustatutako kanpainarekin bat egin du Erandioko Txirrindulari Elkarteak. Dirua Hualañe udalerri txiletarrera zuzenduko dute. Horrenbestez, gaur 20:00ak arte egongo da izena emateko aukera. Aurretik, federatuek 18 euro eta besteek 5 euro sartu beharko dituzte Ipar Kutxako kontu korrontean (3035-0074-11-074104687-9). Horretan ere txiletarrei laguntzeko nahi beste diru sar daiteke. Argazkian, hainbat txirrindulari Bilbotik Areetara itsasadar paretik doan BI-6311 errepidean.

"Bizirik errespeta gaitzazu" lemapeko kanpainaren barruan dago Erandioko lasterketa. Horren bidez, "auto gidarien eta erakunde ofizialetako arduradunen kontzientzietan" eragin nahi dute antolatzaileek, "bizikletaz ibiltzeko espazioa sortu beharraz jabe daitezen". Horrela, errepide guztietan txirrindularien babeserako litzatekeen espazioa sortzea aldarrikatzen dute, 1,5 metro zabalerako "marra gorria" alegia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun