Dignidad y Justiciak ez du "Egunkaria"-ren absoluzioaren aurkako helegitea aurkezteko asmorik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 26a, 21:10

Dignidad y Justicia elkarteak ez dauka "Egunkaria"-ren absoluzioaren kontrako helegitea aurkezteko asmorik, gaur Euskadi Irratiari jakinarazi dionez. AVT da auziko beste herri akusazioa, eta "El Mundo" egunkari espainolak gaur plazaratu du biek ez dutela helegiterik aurkeztuko, Egunkariaren Alde elkarteak zabaldu duenez. Hori baieztatuko balitz “albiste ona” litzatekeela adierazi du Iñaki Uria "Euskaldunon Egunkaria"-ko kontseilari ordezkari ohi eta auzipetu izanak: “Epaia behin betiko bihurtuko litzateke eta ez genuke Gorenaren zain egon beharko”, esan du gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Uriak. Espainiako Auzitegi Nazionalak apirilaren 12an eman zuen absoluzio epaia. "Euskaldunon Egunkaria" ixteko nahiko oinarririk ez zegoela ebatzi zuen. Argazkian, auzipetuek euskal gizarteari eskerrak eman zizkioten atzo, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian / © Egunkariaren Alde elkartea.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek ETArekin “inolako harremanik” ez dutela idatzi du Egunkaria auziko epaian, eta absolbitu egin ditu. Akusazioek lana gaizki egin dutela zioen Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel magistratuek osatutako epaimahaiak: “Atzekoz aurrera egin dute indukzio prozesua. Lehenbizi, erabaki da zein den ondorioa (…); gero seinale, zantzu eta aztarna bila hasi dira; eta azkenik arbuiatu egin da ondorioarekin bat ez datorren ezein esplikazio”.

Zuhurtzia

Helegitea aurkezteko AVTk eta Dignidad y Justiciak “zaila” daukatela uste du Uriak, epaia “sendoa” delako eta Espainiako Auzitegi Gorenean argudio horien kontra egitea gaitza delako. AVTk eta Dignidad y Justiciak berriro “egurra” jasotzeko eta, gainera, epaiaren kostuak beren gain hartzeko arriskua ikusten dutelakoan dago, eta horregatik egin dezaketela atzera. "El Mundo"-n ere epaiaren sendotasuna aipatzen da akusazioek atzera egiteko arrazoi gisa. "El Mundo"-ren arabera, gaur amaituko da helegitea aurkezteko epea. Uriak, berriz, beren abokatuek emandako azalpenetan oinarrituta, uste du epe hori zabalagoa dela, eta zuhurtzia eskatu du, eta epea amaitu arte helegitea sartzeko aukera baztertzerik ez dagoela adierazi du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun