Ekitaldian, Kontseiluko bazkideen ordezkariekin batera, euskal jendartearen ordezkaritza zabala bildu zen, besteak beste, Bilboko kultura zinegotzia Ibone Bengoetxea; Udalbiltzako Loren Arkotxa; EUDELeko Bittor Oroz; UEMAko Jon Bollar, Ezker Abertzaleko Mikel Galartza; EA ko Jon Aritz Bengoetxea eta Irantzu Obieta; Ezker Batuako Mikel Arana; Aralarreko Felipe Urkidi eta Alexander Menendez; LABeko Jagoba Zulueta eta Sonia Gonzalez; ELAko Leire Txakartegi; ESK-ko Xabier Barber eta Zigor Zerrato; EILAS-eko Josu Zalbidea eta Belen Arrondo; HIRU sindikatuko Bittor Galarza; Berriako zuzendari, Martxelo Otamendi; Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Andoni Zendoia; Kutxako Hizkuntza Kudeaketa arduradun Imanol Miner; Euskadiko Kutxako Fernado Martinez eta Athletic-eko Jose Angel Iribar.
Pauso bat harago
Kontseiluko idazkari nagusi berriak, Paul Bilbaok, kargua hartzeko orduan egindako hitzaldian pauso bat harago ematearen ideia nabarmendu zuen. Kontseiluko bazkideei zuzendu zitzaien lehenik. "Zalantzarik gabe, gure hizkuntzak aurrera egin du azken urteotan eta Kontseilua osatzen duten bazkideek zeresan handia izan dute, eta egun ere badute, bilakaera horretan". Eskerrak eman zizkien erakutsi zioten konfiantzarengatik eta Kontseilua erabil dezaten dei egin zien baita ere. "Egunerokotasunaren zurrunbiloan zaila izaten zaigu batasun hori islatzea, baina lortu behar dugu. Kontseiluak batzen zaituzte; Kontseiluak batzen gaitu, Kontseiluak batzen du euskalgintzaren indarra eta horrexegatik zuok ere Kontseiluaren erreferentzialtasunean pauso bat harago joango zaretenik ez dut zalantzarik", adierazi zuen Bilbaok.
Gizarte eragileei lankidetzan aritzeko deialdia egin zien orain arte egin duten moduan. Eta hauei ere eskaera luzatu zien. "Funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera ahalik eta lasterren lortzea ezinbestekoa da eta horretarako euskalgintzaren eta eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko sinergiari eutsi behar diogu", esan zuen Bilbaok.
Agintari politikoei gaur egun euskarak bizi duen egoera iraultzeko bidean lan egiteko deia egin zien. "Egoera horri buelta eman behar diogu: ez dago ulertzerik, ez eta onartzerik ere, berezko hizkuntzan bizi nahi duen hizkuntza-komunitate bati eskubidea ukatzea, horrek oinarrizko eskubidea urratzea dakarrelako. Horrexegatik, Kontseilua elkarren ondoan izango da; une oro bai hizkuntza-eskubideen bermerako bai eta euskararen normalizaziorako urrats eraginkorrak ematen laguntzen. Geure hizkuntzaren berreskurapen osoa helburu izango duen hizkuntza-politika eraginkorra abian jartzen", azaldu zuenez.
Herritarrei oro har euskararen aldeko atxikimendua izate hutsetik pauso bat harago egin dezaten eskatu zien. "Hizkuntza ezagutu egin behar da, erabili, gozatu... Izan bagara, eta garenok eragin behar dugu. Geure burua aktibatu behar dugu eta komunitate-eragile gisa aritzeko urratsak eman behar ditugu. Egunerokotasunean adierazi eta erakutsi behar dugu euskaraz bizi nahi duten herritarrak garela".
Eta azkenik, Xabier Mendigureni zuzendu zitzaion Bilbao: "ohore handia da zu ordezkatzea. Ordezkatzea barik, ohore handiagoa izan da zurekin lan egin izana. Oreka, irmotasuna, jakituria, adiskidetasuna... horiek guztiak dituzu ezaugarri eta horiek guztiak konpartitzeko aukera izan dugu azken urteotan. Bi elur-maluta ez dira sekula berdinak izaten, baina elementu asko dituzte partekatuak. Bi elur-maluta desberdinak izan arren, biak ala biak dira zuriak, hotzak, ederrak. Xabier, guk biok desberdinak izan arren, uste dut lanerako ezaugarri garrantzitsuenak transmititu dizkidazula: gogoa, ilusioa eta grina".