Euskaraz Bizi Egunera joateko autobusa jarri dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 27a, 13:23

Igande honetan, maiatzak 2, Euskaraz Bizi Eguna ospatuko da Etxarri-Aranatzen, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak antolatuta. Ekimenak EHEk urteotan burutu duen Hizkuntz Eskubideen Egunari hartu dio lekukoa, "norbanakoongandik hasita eta komunitateari begira, euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartu eta herri euskaldunaren bidean urrats berriak egiteko borondatea" islatzeko asmoz. Gainera, aldarrikapen eta jaiaz gain, EHEren 30. urteurrena ospatuko dute Etxarri-Aranatzen. Ezkerraldetik eta Uribe Kostatik joateko, antolatzaileek autobusa jarri dute Portugaletetik. Izen-ematea telefonoz egin daiteke, 658 724 129 zenbakian. Prezioa bidaiarien kopuruaren araberakoa izango da, baina antolatzaileen arabera 10 euro inguru ibiliko da. Era berean, herri bazkarirako txartela ere eskatu daiteke 12 eurotan. Autobusa goizeko 10etan irtengo da, Java zinema zaharretik. Argazkian, hainbat herritar Euskaraz Bizi Egunera deitzen / © EHE.

Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua:

- 10:00etatik aurrera:

• Diana, txupinazoa eta trikitilarien kalejira.
• Auzatea (hamarretakoa) herriko elkarteen eskutik.
• Kale animazioa eta herri kirolen erakustaldia.
• Artisauen eta herri mugimenduen erakusketak.
• Graffitia.
• Gaztetxekoen serigrafia tailerra.
• "Nola bizi euskaraz?" tailerra.

- 13:00etatik aurrera:

• "Euskal Herrian Euskaraz Bizi!!! Euskal Herri euskalduna eraiki!" manifestazioa.
• Ekitaldia: EHEren 30. urteurrena.
• Herri bazkaria 50 lagunentzako (txartela dagoeneko eros daiteke).
• Kantaldia.
• Haurrentzako jolasak.
• Pantxika eta Txinparta pailazoak.

- 17:30ean:

• Erromeria Aiko taldearekin.
• Kontzertua: Egurre eta Sakanako beste talde bat.

EHEren oharra:

"Euskal Herrian Euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!" Maiatzak 2, Euskaraz Bizi Eguna Etxarri-Aranatzen

Ikasturte honetan zehar hamaika aldiz errepikatu dugu EHEren 30. urteurrena izaki, urte garrantzitsua dela aurtengoa eragile euskaltzalea osatzen dugunontzat. Aurreko urteetan bezala, aurten ere, euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalkuntzari aurre egiteko eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko hainbat dinamika jarri ditugu abian. Halaz ere, 30 urte luzeko borroka euskaltzalea sorbaldan daramagula kontutan hartuta, arnasberriturik berrekin nahi diogu euskaraz biziko den herriaren bideari, arestian aipatu dinamikei hauspo eta bultzada berri bat emateko asmo biziarekin. Hiru hamarkada hauetan egindako bidea luzea bezain gogorra izan da, beren une latz, eder eta gogoangarriekin, baina gaurkoan, aurrerantz begiratzeko bildu gara atzoko, gaurko eta biharko EHEko 11 kide, herria berreuskalduntzeko bidean planteatzen ditugun urratsak jendarteratzeko borondate zintzoarekin.

Hala, albiste txar bat eman ostean, albiste on bat ematera gatoz. 2004az geroztik EHEk antolatu Hizkuntza Eskubideen Egunak bere ibilbidea bukatu duela esan beharra dugu, halaxe baita. 2004an ospatu genuen lehen aldiz Lesakan, Hizkuntza Eskubideen lehen Eguna. Haren atzetik etorri ziren Oiartzun, Santurtzi, Azpeitia, Atarrabia eta Ondarroakoak. Jaia eta borroka uztartzen zituzten egun horien bidez, euskaraz bizi den herria irudikatu eta herri euskaldunaren aurkako jazarpenari aurre egin nahi izan genion han eta hemen. Hainbat eta hainbat izan dira milaka euskaltzale batu dituzten ekimen horien joanean jasotako ikasgai eta bizitako esperientziak, eta golkoan gordeko ditugu, EHEren ibilbide oparoan mugarri ezberdin gisa kokatuz. Hizkuntza Eskubideen Eguna joan zaigu, bada.

Joan egin zaigula diogu, baina ez da alferrik izan; izan ere, eta agerraldi honen bidez, lehenengo Euskaraz Bizi Eguna delakoari ongi etorria eman eta Euskal Herriko euskaltzaleen aurrean aurkeztu nahi baitugu jaia eta borroka uztartzen zituen egunari segida emango dion egitasmo sortu berria.

Hala, heldu den maiatzaren 2an lehen Euskaraz Bizi Eguna ospatuko dugu Etxarri-Aranatzen. Urrats berria egin du EHEk planteamentu honekin, baina zergatik biziko dugu aurrerantzean Euskaraz Bizi Eguna? Bada, Herri Euskalduna delako berreraiki nahi dugun herria, eta zentzu horretan ezinbestekoa delako eta izango delako euskal hiztunoi, norbanako zein kolektibitate, dagozkigun eskubideak aldarrikatzetik harago euskaraz bizitzearen aldeko hautu indartsua egin eta euskaraz biziz Euskal Herri euskaldunerako bidea egiten joatea.

Badakigu bide hori ez dela erraza izango, eta urratsez urrats joan beharko dugula helmugara heltzeko beharrezkoak diren erroko aldaketak behartzen. Jendartea euskaraz bizi dadin nahitaezkoa izango da norbanakoengandik hasita euskarari esparru eta maila sozial, juridiko eta administratibo guztietan lehentasuna ematea. Gutariko bakoitzak zein euskal komunitateak euskarari lehentasuna emanez, euskaraz biziz, herri euskalduna indartzeko urratsak emateaz gain aldaketak bultzatuko ditu, eta maiatzaren 2ko Euskaraz Bizi Egunak hautu horretara hurbildu nahi ditu euskaltzale guztiak.

EHEtik planteatzen dugun egitasmo berri hau ez da mugatuko egun bakarreko dinamikara, eta Euskaraz Bizi Egunarekin batera, hainbat eta hainbat izango dira Euskal Herriko luze eta zabalean emango diren bestelako ekimenak. Hainbat herri eta auzotan Euskaraz Bizi Egun herrikoiak antolatuko ditugu; horrekin batera, zonalde jakinetako euskalgintzarekin hamarnaka bilkura bultzatuko ditugu tokiko errealitateari erreparatu eta euskaraz bizitzearen aldeko dinamikarako atxikimendua bilatzeaz gain problematika propioei elkarlanaren bidez erantzun komunak bilatzeko xedearekin; hainbat aurkezpen, deialdi eta mobilizazioren bidez herri euskaldunaren aldekoak aktibatzeko dinamikak sustatuko ditugu. Horiek, gaurdaino EHEk eraman duen borrokaren baitan ohikoak eta iraunkorrak diren beste ekimen guztiekin uztartuko ditugu, euskaraz bizi ahal izateko Euskal Herri osorako ofizialtasuna galdeginez, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabeak sortu eta garatzeko eskubidea aldarrikatuz, hizkuntza eskubideen bermea exijitu eta horien urraketak salatuz eta herri euskaldunaren aurkako eraso oro arbuiatuz, datorren lekutik datorrela.

Maiatzaren 2an, euskaltzaleok Etxarri-Aranatzera!

Aipatu borondate guzti horiek egikaritzera dator Etxarri-Aranatzen lehen harria jarriko duen eta 'Euskal Herrian Euskaraz bizi!!! Euskal Herri euskalduna eraiki!' leloarekin jantziko den Euskaraz Bizi Eguna. Jai eta borroka egun honen bitartez, euskaraz bizi den eta maila guztietan bizi nahi duen herri bat badela irudikatu nahi dugu. Horregatik aukeratu ditugu Etxarri-Aranatz eta Sakanako eskualdea, euskaraz bizitzeko grina duen zonalde euskalduna delako, eta etorkizuneko herri euskaldunaren erakusleiho izatea nahi dugulako.

Guztion artean eta auzolanaren bidez berreuskaldundu nahi dugu herria, eraiki nahi dugu herri euskalduna, eta Euskaraz Bizi Eguneko egitarau oparoan auzolan horrek isla izan dezan egin dugu ahalegina. Zentzu horretan, Etxarri-Aranatzeko eta Sakanako euskaraz bizi diren hainbat elkarte eta herri eragilerekin batera egin dugu lana. Bertako norbanakoekin eta kolektiboekin egindako lanaren ondorio da beraz Euskara Bizi Eguneko egitaraua:

Goizeko 10,00etan hasiko dugu eguna dianarekin, hots, txupinazoa eta trikitilarien kalejirarekin. Ondoren, eguna indartsu abiatzeko “auzatea” eskainiko digute herriko elkarteek plazan, eta sabela eta eztarria alaitzeko aukera izango dugu. Eguerdira bitartean kale animazioa eta herri kirolen erakustaldia egongo da, bertakoen eskutik, eta horrekin batera bizi ahal izango ditugu azokaren baitan jasoko direnak; hala nola, artisauen eta herri mugimenduen erakusketak, graffitia, gaztetxekoen serigrafia tailerra, edota beste tailerren artean azpimarratzekoa izango den 'Nola bizi euskaraz?' tailerra. Izan ere, erraz esaten da euskaraz bizi behar dugula, baina norbanakook ez ditugu beti eskura hori hala izateko tresnak eta estrategiak, eta tailer honen bidez hasi nahi dugu norbanakoek lanabes horiek eskura izateko saiakera.

Eguerdiko ordubatetan emango diogu hasiera aldarrikapenari eta Euskaraz Bizi Eguneko ekimen azpimarragarrienei, 'Euskal Herrian Euskaraz Bizi!!! Euskal Herri euskalduna eraiki!' lelopean abiatuko den manifestazioa eta horren osteko ekitaldi nagusiarekin. Ekitaldi berezia izango da nolanahi ere, EHEren 30. urteurrena dela kontutan hartuta, iragana eta etorkizuna batuko dituen ekitaldia prestatu baitugu.

Gure aldarrikapenei oihartzuna eman eta aurrera begirako mugarriak ezarri ostean 500 pertsonentzako herri bazkariak eta ondorengo kantaldiak jarraituko du jaia, guztia tokiko elkarteek antolatuta. Adi hortaz euskaltzaleak eta joan zuen herrietako EHEko kideengana eta ohiko lekuetara bazkarirako txartel bila, merezi du eta.

Bazkalostean haurrentzako jolasak eta Pantxika eta Txinparta pailazoen jardun alaiaz gozatzeko aukera izango dute txikienek, eta ez hain txikiek, eta 17,30etan aldiz, dantzarako gogoa duenak gorputza astintzeko aukera paregabea izango du Aiko taldearen erromerian. Bestelako soinuak nahiago dituenak ere kontzertuak izango ditu gaztetxean, Egurre eta Sakanako beste talde baten eskutik.

Nahi duenak jarraitu dezala jaia, baina gure egitaraua hortxe bukatzen da.

Euskal Herrian euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!

Euskal Herrian Euskaraz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun