Bestalde, Atfal Sahararen aldeko Getxoko elkarteak beste urte batez bat egin du uda garaian etxean saharar ume bat hartzeko “Oporrak bakean” kanpaina, Getxoko Udalaren laguntzaz. Horri esker, 7 eta 12 urte bitarteko saharar haurrek bi hilabetez Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamenduetako errealitate gordina ahaztu ahal izango dute. Udalak urtero, besteak beste, honako gastu hauetarako ematen du diru-laguntza: kanpamenduetatik etortzeko eta joateko bidaiarako, txangoetarako eta ekitaldietarako, haurrentzako ekipamenduetarako eta saharar eta bertoko begiraleentzat. Umea hartuko duen familiaren kontura, berriz, txikiaren mantenua izango da. Eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila osasun azterketez arduratuko da.
Atfal elkarteak familia getxoztarrak animatu nahi ditu harrera ekimenean parte hartzera, "baldintza hobeagoetan uda igarotzeko umeei aukera emateaz gain, familientzat oso esperientzia aberasgarria baita haurrengandik jasotzen dutenagatik". Izan ere, umeek elikadura eta osasun azterketa egokiak jaso eta desertuan udan egiten duen tenperatura itzela (45 eta 50 gradu artekoa) ekiditen duten bitartean, hemengo familiek beste errealitate bat ezagutzeko aukera dute.
Leioa, Sopela eta Gorlizen
Saharar haur bat etxean hartzeko baldintza bakarra udalerrian erroldatuta egotea da eta izena emateko epea datorren maiatzaren 20an amaituko da. Hori egin nahi duten edo informazio gehiago lortu nahi duten pertsona interesatuek 658 751 359 / oporrakbakean[abildua]gmail.com edo Udaleko Lankidetzako sailera, 944 660 017 / lankidetza[abildua]getxo.net helbideetara jo dezakete. Bitartean, Gorlizen, hilabete bat lehenago amaitu zen horretarako aukera. Leioan, berriz, aurten ere saharar umeak hartzeko telefonoa zabaldu dute interesa duten udalerriko familientzat Fath elkarteak eta Udalak: 656 735 687. Azkenik, Sopelan, Nuyum elkartearen 695 788 185 telefono zenbakira deituta egongo da horretarako aukera.