Palestinari buruzko hitzaldia izango da ostiralean Urdulizen

“Welcome to Palestine” izenburuko erakusketa maiatzaren 7ra egongo da ikusgai Urdulizko kultur etxean. Bakea eta Duintasuna elkarteak eta Biladi palestinar kultur zentroak antolatuta, herri palestinarraren errealitatea hurbildu nahi die herritarrei ekimenak: "1948tik okupazio militar bati eutsi eta bizitza duin bat izaten saiatzen den herri baten errealitatea, alegia", adierazi dutenez. Erakusketa 14 panelek osatzen dute; horien artean autore ezberdinen argazkiak, mapak, testu laburrak eta Palestinako olerkarien bertsoak daudela. Bitartean, ostiralean bertan (apirilak 30), gai horren inguruko hitzaldia eskainiko du Eneko Callek, 19:00etan, Aita Gotzon kaleko 16. zenbakian dagoen aipatu kultur aretoan. Argazkian, Gazako lotsaren harresia.

Palestinara heltzean “Welcome to Palestine” da entzuten den ongi etorriaren lehenengo esaldia, erakusketaren antolatzaileek aipatu dutenez. "Herri palestinarra suntsitu duen erregimen sionista totalitario baten 60 urteko okupazioak ez du autodeterminazioaren eta onarpenaren alde borrokatzen duen herri baten harrotasuna isildu, nahiz eta nazioarteko erakunde eta gobernuek beste alde batera begiratu", gaineratu dute. Ekimena Bakea eta Duintasuna eta Biladi elkarteek antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako “Palestinako Lurralde Okupatuetan Giza Eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbidearen betetzeari buruzko Bizkaiko herritarrei zuzendutako sentsibilizazioa” izeneko proiektuaren baitan.

Bakea eta Duintasuna

Bakea eta Duintasuna garapenerako lankidetza, elkartasuna eta giza eskubideen esparruan lan egiten duen elkarte independentea da, nazioarteko harreman justu eta solidarioagoak eraikitzeko asmoz gizartearen sentsibilizazioan eragina izan nahi duena, mundu mailan garapen berdintsuago bat lortzeko. Bakea eta Duintasuna 1995ean sortu zen sentsibilizazio esparruan lanean hasi zelarik. Helburua gaur egun dagoen garapenaren ereduarekiko kontzientzia kritikoa sortzea zen, eredu hori injustu eta desberdintasunen eragiletzat hartuta.

Biladi

Biladi palestinar kultur zentroa 2003an sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, herri palestinarra eta euskaldunen arteko harreman kulturalak sustatzeko helburuarekin. “Biladi” izenaren esanahia “nire lurra” da, Lurralde Okupatuetan eta errefuxiatuen kanpamenduetan sakabanatuta bizi diren 8 milioi palestinarren lurra, alegia. Biladi elkarteak palestinarren errealitatea, bizitza, kultura, ohiturak eta tradizioak sustatu eta landu nahi ditu interesa duten erakunde eta pertsonengan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun