Igandean hasiko dira sinbologia frankistaren kontrako sinadurak batzen Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 27a, 19:25

Estatu kolpea, errepresioa eta frankismoagatik kaltetuen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak otsailean iragarri zuen sinadura bilketa abiatuko zuela Bizkaiko hainbat udalerrietan. Horren bidez, tokian tokiko udal gobernu eta instituzio publikoak behartu nahi dituzte, "egun oraindik bizirik dirauen sinbologia frankista" kentzera. Besteak beste, Plentziako Udalak "Jose Daniel Lacalle Larraga (espainolez) militar zein hegazkinlari kolpistari eta Francoren Aireko ministroa izandakoari emandako urrezko domina (espainolez, pdf) oraindik indarrean" dirauela salatu zuten orduan. Gauzak horrela, Lacalle Larragari izendapen hori ken diezaiola exijitu zion Isabel Zarauza alkate independentea buru duen Gobernu Taldeari Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko bozeramaileak. Halaber, bilkura aretotik diktadura garaiko alkateen irudiak erretiratzeko eskatu zioten. Bada, eskaera horiek bideratzeko asmoz, igande honetan (maiatzak 2) hasiko dira sinadurak batzen Plentzian. Horrenbestez, bi mahai jarriko dituzte: bata zubian (Pirulin) eta bestea hondartzako ibiltokian, ospitalearen aurrean. Argazkian, alkateen irudiak Plentziako udaletxean / © Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun