Ostegun honetan, hilak 29, Getxo Antzokia eta Romo Kultur Etxe berriaren oinarrizko proiektuak onetsi edo ez erabakiko da ohiko udal batzarrean. Imanol Landa alkateak gaur goizean gogoratu duenez, "Getxoren modernizatze prozesuan funtsezko bi proposamen dira". Getxo Antzokia eta ondoan jarriko duten Algortako Musika Eskolari dagokienez, etzi erabakiko dute antzokiaren bolumetria, musika eskolarena, muga eta bi instalazioetako areto eta gelen finkatzea, besteak beste. Lehenengoak, 22,5 metroko garaiera izango du guztira. Musika eskolak, berriz, behe solairua, beste bi altuera eta teilatupea edukiko ditu. Landak aipatu du gaur egun arte proiektu hori bost alditan eraman dutela Udalbatzara, erabakiren bat hartzeko; eta guztietan, "gehiengoaren babesa lortu dutela". Romo Kultur Etxeari dagokionez, "sozializazio prozesu handi bat egin eta auzotarrek onartu ostean", oinarrizko proiektua onartu ala ez erabakiko dute. Horrek 4.000 metro koadroko eremua izango du, liburutegi, entsegu lokalak, auditorium eta abarretan banatuta. Guzti hori aurrera eramateko erabiliko den tokia, Itzubaltzetako Santa Eugenia plazako egungo eraikina udazken aldera eraitsita lortuko dute. Argazkian, Joseba Arregi eta Imanol Landa gaur Getxolanen emandako prentsaurrekoan.