Herri Antolakuntzarako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena egiteko asmoz, apirilaren 22ko osoko bilkuran izendatu zituen kontratazio mahai berria osatuko duten kideak Barrikako Udalbatzak. Horien esku egongo da HAPOren berrikuspen txostena lantzeaz arduratuko diren lagunak aukeratzea.
Udalbatzak azaroan erabaki zuen Agora enpresarekin zeukaten kontratua apurtzea. Hala ere, Juanjo Ezpeleta alkateak euren lana goraipatu du. "Eskertzekoak dira aurreko taldeak udal honetako herri garapenaren alde egindako lana eta erakutsitako ardura hori. Talde idazle berriak ere herriaren garapenaren alde lan egin dezan nahiko nuke”, adierazi du tokiko agintariak. Azpimarratu duenez, talde berriak HAPO ezagutzera eman beharko du: "ez da gehiegi ezagutzen. Ondorioz, auzotarrek herriaren garapena zer nolakoa izango den eta euren galderak argitzeko lan pedagogikoa egin beharko du”, azaldu du Ezpeletak. Alkatearen hitzetan, “herri partaidetzarako beharrezkoak diren elementu guztiak jarriko dira abian eta auzotarren proposamenak era aktiboan entzungo dira. Jendeak era aktiboan parte har dezan nahi dugu eta inolako inposiziorik gabe”. Horrez gain, udal agintariak gonbita egin zien herritarrei, "izan ditzaketen zalantzak argitzeko ordezkari politikoengana jo dezaten". Argazkian, Juanjo Ezpeleta atzera botatako HAPOren aurrerakina jendaurrean aurkezten, 2009ko uztailan / ©
Barrika.net.