Hilabete askoren ondoren, Ibaiondoko Enpresa Jardueren Parkea eraikitzeko lanak bukatutzat eman ditu Leioako Udalak, nahiz eta oraindik eraikin bat egitea falta zaien. Obra horiekin batera, urbanizazio lan batzuk ere egin dira auzoaren inguruan: lurrazpiko zerbitzuak berritu dira; Ibaiondo plaza izango dena atondu da, zeina erabilera publikokoa izango baita eta zeinen azpian komertzializazio pribatuko lurrazpiko aparkalekua eraiki baita; Santa Ana etorbidea berrantolatu da, espaloiak eginez eta bi aldeetan baterian aparkatzeko aparkalekua eraikiz; eta Amaia etorbidearen hiri-akabera egin da, erdialdean sortzen zen estugunea desagerraraziz. Ibaiondoko Enpresa Jardueren Parkea hiru eraikinek osatzen dute –bi bulego eraikin eta bat komertziala– eta egiteke dagoen laugarrena. Guztira, 12.000 metro koadroko azalera da ekonomi eta enplegu ekintzetarako bideratutakoa; eta 3.000 metro koadro gehiago aisialdi gune baterako, euren arteko plaza batentzako, alegia. Horretaz gain, 400 plaza inguru dituen lurrazpiko aparkalekua ere egokitu dute, batez ere Ibaiondoko langileentzat eta, bereziki, zonaldeko herritarrentzat. Argazkian, Eneko Arruebarrena alkate leioaztarra.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!