Udalbiltzaren aurkako auzia abiatu zenetik zazpigarren urtemuga betetzen dela eta, "Nazio bat gara, Udalbiltza aurrera!" lelopean elkarretaratzeak egingo dituzte ostegun honetan, apirilak 29, hainbat herritan. Besteak beste, Algortan, 20:00etan jarri dute hitzordua, Telletxe plazan. Ordu berean, Plentziako Piruli plazatxoan batuko dira. 2003ko apirilaren 29an Udalbiltzak Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu zen Espainiako Polizia, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Bertan, materiala eta ordenagailuak hartu, egoitzak prezintatu, kontu korronteak blokeatu, Zuberoan garapen egitasmoak bultzatzeko herritarrengandik bildutako 400.000 euroak hartu, Udalbiltza eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoari suspentsioa ezarri eta 13 pertsona atxilotu eta espetxeratu zituzten, Udalbiltzako arduradunez gain bertako langileak ere bai. Egun 22 pertsona daude auziperatuta 10 eta 23 urteko espetxe zigor eskaerei aurre eginez. Argazkian, iazko elkarretaratzea Algortan.