Beñat Vidal leioaztarra da Uribe Butroeko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalista

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 28a, 20:24

Uribe Butroeko Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa jokatu zen joan den ostiralean, hilak 23, Fikako txokoan. Afari ostean, 100 bat lagunen aurrean egin zuten bertso emanaldia. Beñat Vidal leioaztarra irabazle suertatu zen, eta zuzenean pasako da maiatzaren 22an Derioko Gurea aretoan jokatuko den Uribe Butroeko finalera. Galder Bilbao "Txapi" algortarra, Urdulizen bizi den Aitor Esteban itzubaltzetarra eta beste biek, berriz, maiatzaren 7ra arte itxaron beharko dute. Egun horretan, Larrabetzuko eskoletan jokatuko da bigarren kanporaketa eta bertakoek batuko dituzten puntuen zain egon beharko dute. Izan ere, han erabakiko da nork jokatuko duen eskualdeko finala. Malen Amenarrek dagoeneko badaki finalean ez dela egongo. Fikan kantatu arren, gazteegia denez, epaileek ez zuten bere bertsoak puntuatu. Hala ere, horretaz "saio polita burutu zuela" dio Vidalek. Epaile beharretan, esperientzia handiko lagun bi, Karlos Ibarzabal eta Iñaki Sarriugarte, eta beste gazteago bi, Gotzon Barandiaran eta Jurgi Fuentes, izan zituzten. Bestalde, aurkezle eta gai jartzaile moduan, Iñaki "Arbildu" laurotarra egon zen. Argazkian, Beñat Vidal saioko azken agurrean. / cc-by-sa Bizkaiko Bertsozale Elkartea.

Beñat Vidal leioaztarra izan da Uribe Butroeko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalista. Hiru alditan parte hartu du Ipar Uribeko Txapelketan, baina lehen aldia zuen Uribe Butroekoan. Izan ere, aurtengoa da egiten den lehenengo edizioa. Vidalek adierazi duenez, "hasieran nahiko urduri nenbilen, baina saioa aurrera joan ahala, lasaitzen joan nintzen eta amaierarako nire burua ondo ikusi nuen". Bere ustetan, "emanaldi polita" izan zen, partaide guztiek "berdintsu ibili" baitziren. Gaiei dagokienez, "zorte ona edo" izan zuela aitortu du Beñatek, eta hala baieztatu zuen puntuak ikusita.

Saioa entzun:

Bi orduko saioa hemen entzun daiteke, Larrabetzu.org web komunitateak egindako grabazioari esker.

Puntuazioa:

Beñat Vidal 203,5 puntu
Ortzi Garitano 190,5
Ibon Larrazabal 187
Aitor Esteban 181,5
Galder Bilbao "Txapi" 143,5

Hurrengo saioak:

• Maiatzaren 7an, ostirala, 2. kanporaketa Larrabetzuko eskoletan. Bertso afaria 21:00etatik aurrera. Bertsolariak: Olatz Ibarluzea, Iker Gangoiti, Mikel Goiriena, Ekain Landa "Txispain", Asier Legarreta eta Peru Vidal. Gai jartzailea: Alberto de Abajo "Zoro"

• Maiatzaren 22an, larunbata, finala Derioko Gurea aretoan. Gai jartzailea: Bernardo Mandaluniz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun