Ikasteko eskubidearen alde kontzentratu dira Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 28a, 20:33

Apirileko azken asteazkena dela eta, euskal presoen ikasteko eskubidearen aldeko ekimena burutu dute gaur goizean Leioa eta Erandioko campusean. Bertara 30 bat ikasle hurbildu dira ohiko tokian kontzentrazioa egiteko. Deitzaileek adierazi dutenez, "euskal preso politikoek ikasteko eskubidea urratuta dute. Espainiar espetxeetan dauden euskal presoek debekatuta daukate UPV/EHUn edo UPNA/NUPen ikastea. Frantziar kartzeletan daudenen kasuan, orain arte UPV/EHUn ikasteko aukera bazuten, ikasturte honetatik aurrera ezinezkoa izango zaie ikasketekin jarraitzea". Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreari Espetxeetako Zuzendaritzarekin hartu-emanak izaten saiatzeko eskatu zioten unibertsitate-eremuko hainbat eragilek. Harrezkero, urtarrilean, EHUko Gizarte Kontseiluak presoek unibertsitatean ikasteko eskubidearen aldeko adierazpena onartu zuen, eta Goirizelaia "saiatu izan da Espetxeetako Zuzendaritzarekin harremanetan jartzen, isiltasuna erantzuna jasoz", ikasleek adierazi dutenez. Argazkian, hainbat ikasle Leioa eta Erandioko campusean gaur goizean burututako kontzentrazioan.

Ikasteko Eskubidearen Jabe eragilearen oharra:

Abenduaren 16an Leioako campusean eskainitako prentsaurrekoan salatu genuenez, euskal preso politikoek ikasteko eskubidea urratuta dute. Espainiar espetxeetan dauden euskal presoek debekatuta daukate UPV/EHUn edo UPNA/NUPen ikastea, ikasketak UNEDen bidez eta gaztelaniaz burutzera behartzen dituztelarik. Frantziar kartzeletan dauden euskal preso politikoen kasuan, orain arte UPV/EHUn ikasteko aukera bazuten, ikasturte honetatik aurrera ezinezkoa izango zaie ikasketekin jarraitzea.

Unibertsitate-eremuko 600 ikasle, 160 irakasle, 20 langile (AZP) eta 12 eragileren babesa jaso zuen adierazpen hartan, UPV/EHUko Errektorea den Iñaki Goirizelaiari eskatzen genion Espetxeetako Zuzendaritzarekin hartu-emanak izaten saiatzeko, 2005eko urriaren 28an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak aho batez adostutako Protokoloa oinarri hartuta, presoek UPV/EHUn ikastea ahalbidetuko zuen akordioa gauzatzeko helburuari helduz.

Honen harira, urtarrilean UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak presoek unibertsitatean ikasteko eskubidearen aldeko adierazpena onartu zuen eta jakin badakigu ere Iñaki Goirizelaia saiatu izan dela Espetxeetako Zuzendaritzarekin harremanetan jartzen isiltasuna erantzun gisa jasoz.

Egoera honen aurrean, unibertsitate-eremuko ikasle, irakasle, langile eta eragileok Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko hezkuntza arduradun nagusi diren Isabel Celaa Dieguez eta Alberto Catalan Higueras Hezkuntza Sailburuei eskatzen diegu Espetxeetako Zuzendaritzarekin beharrezko harremanak izateko ahalegin guztiak egin ditzatela presoek nahi duten unibertsitatean euskaraz ikastea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatzeko helburua gauza dadin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun