Maiatzaren 1etik urriaren 31ra bitartean, Getxo Dinosauro Parkea erakusketa ikusi ahal izango da Areetako Txurruka moilan. Kretazikoan eta Jurasikoan, hau da, dinosauroen urrezko garaian bizi ziren izaki ikusgarrienetako batzuen tamaina errealeko 16 erreprodukzioz osatuta dago mostra. Imanol Landa alkateak toki horretan adierazi duenez, “izugarrizko erakusketa hau Udalaren beste apustu bat da Getxora bisitariak erakartzeko eta, era horretan, merkataritza eta ostalaritzaren jarduera sustatzeko; hala nola, udalerriko eskaintza turistikoa aberasteko”. Ekimena tokiko erakundeak eta sektore pribatuko ordezkariek osatutako Merkataritza Mahaian adostu zuten eta, helburua da, "bisitariek zein getxoztarrek gastua udalerrian egitea". Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak orain astebete salatu zuen Txurruka moila "uda osoan itxita" egongo zela eta "bertara sartzeko ordaindu" behar izango zela. Getxo Dinosauro Parkea ikusteko 3 euro pagatu beharko dituzte nagusiek, 2 euro umeek, eta 1,50 euro pertsonako 20 kide baino gehiagoko taldeek. Hala ere, "Getxoberri" udal astekariari esker dohain joan ahal izango du nahi duenak, Landak aipatu duenez. Argazkian, tiranosauro bat Areetan / © Getxo.net.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.