Leioako Umore eta Kaleko Artisten Azokak hamaikagarren edizio ospatuko du maiatzaren 20tik 23ra bitartean. Antolatzaileek 425 ikuskizun-proposamen jaso dituzte, haietatik 49 konpainia (Euskal Herriko 11) ezberdinek burutuko dituzten 50 ikuskizun aukeratuz; horietatik 19 erabateko estreinaldiak izango dira, eta gainera, Leioako Umore Azokak horietako lauren ekoizpenean lagundu du. "Kaleko artistentzako Umore Azokan egotearen garrantzia islatzen dute datu hauek guztiek", adierazi dute antolatzaileek. Leioako Umore eta Kaleko Artisten Azokak aurkeztuko dituen estreinaldiei dagokionez, sei Euskal Herriko taldeenak izango dira. Azoka Leioako Udaleko Kultura Sailak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioaren laguntzarekin. Leioak, lau egunez, antzerkiarekin batera bizitzeko aukera paregabea eskaintzen du. "Harremanak sortzeko, ideiak elkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emanaldiak kontratatzeko aukera izango da, antzerkia eguneko 24 orduetan bizi ahal izateko foroa", azaldu dute. Argazkian, besteak beste, La Industrial Teatrera taldea saritu zuen iaz Leioako Umore Azokak / © Umore Azoka.