Berangoko Nekazaritza eta Artisautza Azokak 74 postu izango ditu bisitarien gozagarri, maiatzaren lehenengo igandean, Moreaga plazan. Guztien artean, txakolin ekoizle bi izango dira, barazki hiru stand, txarkuteria bina, eta beste horrenbeste ogi zein ezti ekoizle. Landareak eta lore naturalak ere ez dira faltako, bost gazta ekoizleez gain. Zentzu horretan, nabarmendu beharra dago bertan izango den gazta frantsesen erakusketa handia, baita aurreko ediziotan jende ugari batu duten txokolate, arrain kontserba edo pate postuak ere. Artisauei dagokienez, batzuk zuzenean erakutsiko dute euren produktuak zelan egiten dituzten. Maiatzaren 2an, azokaren 17. edizioan, Euskadiko XII. Euskal Pastel Txapelketa ere egingo dute. Lehiaketak Araba eta Bizkaitik helduko 9 bat ekoizle bilduko ditu. Segundo Meabe arabarrari txapela kentzen saiatuko dira horiek guztiek. Goiurikoak azken bi urtetan suertatu da irabazle. Parte-hartzaileek aitortu dutenez, "Berangon irabazteak joango diren ondorengo azoketan salmenta handiagoak izatea dakar". Argazkian, artisauak eskualdean zehar izaten diren azoketako batean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!