
Atzo goizaldean, adin ertaineko bikotea atxilotu zuten udaltzainek Getxoko Malaketako etorbidean, bertan jarritako alkoholemia kontrol batean positiboa eman zutelakoan. Bi bikotekideek, bakoitza bere autoan zihoala, legezko tasa hirukoiztu ei zuten, Getxoko Udaltzaingoaren arabera. Udaltzainek unean bertan atxilotu eta epailearen aurrera eraman zituzten, epaiketa arina izateko. Bide segurtasunaren kontrako delitua egotzi diete. Getxoko Udaltzaingoak, Bide Segurtasun Plan Estrategikoren barruan kokatu du ekimen hori. Egun horretan bertan, hilak 28, udalerrian 22 alkoholemia eta droga proba egin zituzten. Alkoholaren kasuan, lauk eman zuten positibo eta drogetan, berriz, bik. Proba horietariko 21 "hautazkoak izan dira" eta bestea "istripu baten ostean, ihes egin eta kalteak eragin zituen gidari bati" egin ziotela adierazi dute poliziek. Legeak dioenez, alkoholemia eta drogen tasak gainditzen dituztenek, 302 eta 602 euro arteko isunak eta gidatzeko baimenetik 4 edo 6 puntu kentzeko arriskuan egongo lirateke. Argazkian, gizonezko bat Getxoko Udaltzaingoak egindako alkoholemia kontrol batean.