EAJk zein PSE-EEk aipatu dutenez, proiektu hori "zenbait alditan" eraman dute Udalbatzara horren gaineko erabakiren bat hartzeko, "eta guztietan Udalbatzako gehiengoaren babesa lortu du". Zenbaitetan ere "aho batez" adostu dute, berbarako, HAPOren aldaketa egin zeneko, ekipamendu berriaren gehieneko garaiera eta oinplano-okupazioa finkatzeko, gaineratu dutenez. PPk aurka bozkatu du Getxo Antzokiaren altuera gutxitu, inguruko etxeetatik aldendu eta bertatik musika eskola kentzearen aldekoa delako. Horrez gainera, uste du “proiektua 6 fasetan banatzea legez kanpokoa dela, horrela eginda, Udalbatzaren onarpena behar ez duten diru-kopuruak ezarri direlako”. Horri erantzunez, “egiteko zailak diren obrak fase ezberdinetan" egiten direla adierazi du Hirigintza zinegotziak, "hain zuzen ere zailak direlako, Abandoibarrako Iberdrolaren Dorrean gertatu den legez". "Getxo Antzokiaren kontratazioak Udalbatzara ekarri behar baldin baditugu ekarri egingo ditugu. Behar den bezala, legaltasunaren barruan jokatu dugu”, gaineratu du Arregik. Alternatibak kontra bozkatu du eraikinaren ahokadurarekin eta musika eskolaren kokapenarekin ez dagoelako ados. Proiektua fasetan banatzearen aldekoa ere ez da.
Romo Kultur Etxea
Romo Kultur Etxearen egitasmoa ere onartu dute gaurko osoko bilkuran. Eraikin "abangoardista" izango da eta bertan 8 milioi euro inguru inbertituko dituzte. Orotara, 4.000 metro koadro hartuko ditu, liburutegi, entsegu-areto, auditorium eta abarrekin. Behekoaz gain, beste 5 solairu izango ditu Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako kultur areto berriak. EAJ-PNVren eta PSE-EEren arabera, "funtsezkoa" da "Getxo eraldatzeko, Romo-Areeta biziberritzeko eta elkarteak indartzeko abiatutako prozesuan". PPrentzat proiektu ona da, baina aurka bozkatu du, “ez bakarrik proiektuaren edukia onartzen delako, baizik eta bere exekuzioa ere onartzen delako. Kontratatzeko modua ez da onena, beti ere legaltasunaren mugan murgilduta baikaude. Kontratazio honek edozein erako kontrola galarazten die auzotarrei”.
Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak bere "harridura" agertu du PPren jarreraren aurrean, “proiektuaren alde dagoen eta ontzat jotzen duen arren, aurka bozkatzen duelako, proiektuarekin zerikusia ez duen kontratazio gai batengatik". "Kontratazioa legaltasun kontu bat da eta teknikariak dira zein kontratazio formula erabili behar den esango dutenak”, udal arduradunaren ustez. Arregiren arabera, “ez gaude behartuta proiektu hau udalbatzara ekartzera, baina koherentzia demokratikoagatik egiten dugu”.
Animalien ordenantza berria
Beste alde batetik, aho batez onartu dute animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza berria, Eudelen testua oinarritzat hartuta. Horren nobedade nagusia da txakurrak (arriskutsuak izan daitezkeenak ezik) lotu barik, euren jabeen zaintzapean, egon ahalko diren lekuak eta orduak ezartzen direla, urteko sasoia zein den kontuan hartuta. "Aldaketa honen atzean dago txakurren jabeen beraien eskaria, eta bere helburua da getxoztarren eta maskoten arteko bizikidetzaren oreka zail hori lortzea", udal iturriek esan dutenez.
Beste erabaki batzuk
Mozioen atalean, aho batez onartu dute, udal zahar-etxean, eta ahalik eta arinen eman beharreko pausuak emanik, etengabeko mediku-zerbitzua ezartzeko Osakidetzari eskatzeko EAJk aurkeztutakoa. Halaber, Algortan, Aldapako plaza zaharberritzeko proiektua jendaurrean 14 egunez toki horretan bertan egoteko eskaera ere onartu dute, "auzotarrei informatzeko eta iradokizunak aurkezteko aukera emate aldera".