Pirritx eta Porrotxek "Irrien lagunak" ekarriko dute eskualdera hiru aste barru

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 30a, 01:23

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek "Irrien lagunak" beren azken antzezlana estreinatuko dute eskualdean maiatzaren 22an. Egun horretan, bi emanaldi izango dira Sopelako Urko kiroldegian, udalerri horretako eta inguruko herrietako umeek gehien maite dituzten pailazoak ikusteko aukera izan dezaten. Lehenengo saioa 16:00etan izango da eta bigarrena, berriz, 18:30ean. Sopelako Udalak jakinarazi duenez, sarrerak Kurtzio kultur etxean erosi ahal izango dira maiatzaren 10etik aurrera, honako ordutegian: 11:30etik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Sopelan erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute, maiatzaren 13ra arte haiek baino ezin izango baitituzte sarrerak eskuratu. 14tik 17ra, ordea, bestelakoek erosi ahal izango dute txartelik geldituz gero. Dena den, pertsona bakoitzak lau sarrera hartu ahal izango ditu gehienez. Prezioa bi eurokoa izango da 12 urte bitarteko umeentzat eta zazpi eurokoa nagusiagoentzat. Norbait Sopelan lekurik gabe gelditzekotan, Gorlizen izango du beste aukera bat, pailazoak horra helduko baitira ekainaren 8an. Argazkian, Porrotx.

Ikuskizun berria pasa den urrian prestatu zuten sudur gorriek eta tituluak dioenez ez zitzaien lagunik falta antzezlana atondu eta izen bereko diskoa grabatzeko. Bertan, euskaraz gain, mundu osoko beste hainbat hizkuntzek dute lekua. Ondarroako senegaldarrek, O Sonoro Maxin talde galiziarrak, Duo Jade bikote kubatarrak, Jon Maia bertsolariak, Lasarte-Oriako Semblante Aldaluz taldeak, Igor Telletxea bateria joleak, Oreka Tx txalapartariek, Tapiak eta Leturiak, Idiazabalgo Musika Eskolako haurrek, Luis Vega gitarra eta baxu-joleak eta Bilboko Konpartsek bere ekarpena egin diote pailazoen lanari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun