Maiatzaren Leheneko eskualde manifestazioa Areetan egingo du LABek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 30a, 15:29

Hegoaldeko hiriburuetan eta hainbat eskualdetako herri nagusietan, eta Hazparnen bilduko da LAB Maiatzaren Lehenean. Uribe Kosta eta Erandiori dagokienez, Areetako Xake plazatik abiatuko da bihar manifestazioa, 11:30ean. Ondoren, ekitaldia egin eta, hori amaituta, trikipoteoan ibiliko dira tabernaz taberna beharginak. Aurtengo Maiatzaren Lehena langileontzat "hain gogorra den testuinguruan" izango denez, LABetik beharginen mobilizazioek eta borrokak duten garrantzia azpimarratu dute. Euren ustez, "hor baitago, zalantzarik gabe, gauzak aldatzeko gakoetako bat". "Langileoi ez dizkigute gure eskubideak oparitu, borrokaren bidez eskuratu izan ditugu, belaunaldiz belaunaldi gaurdaino eman den borrokari esker. Bizi dugun krisiaz baliatuz gure eskubideak murriztu eta kendu nahi dizkiguten honetan, borroka egiteak bakarrik galaraziko du patronalak eta instituzioek erabaki horretan urratsak ematea", adierazi dute langile erakunde abertzaletik. Argazkian, Ipar Uribeko LABen hainbat kide biharko mobilizaziora deitzen / © LAB.

Krisiak markatuta dator larunbateko eguna, baina, LABen ustez, badago Euskal Herrian indartzen eta gorpuzten ari den beste erreferentzia bat: "behar beharrezkoa dugun aldaketa politikorako egin behar dugun bidea jorratzeko ezker abertzaleak hartutako iniziatiba, eta emandako urratsen ondorioz irekitzen ari den aukera berria", aipatu dutenez. Euren ustez, aldaketa politikoa burutzea "ezinbestekoa" da, "langileok gure aldarrikapenetan aurrera urrats erabakigarriak emateko, Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko ahalmena edukitzeak emango baitigu zer nolako eredu ekonomiko eta soziala nahi dugun erabakitzeko aukera". Halaber, LABen iritziz, aipatu bidea prozesu demokratiko baten bidez burutzeak, "herritarron ekimenez eta erabakiz burutzeak langileoi prozesu horretan protagonistak izateko aukera eta bidea eskaintzen digu eta horrek berebiziko garrantzia du, ezer gutxi espero dugulako gaur gaurkoz instituzioetan betikotzea beste helbururik ez duen klase politikoarengandik".

"Krisia salatzeko, krisiaren atzean dauden politikak aldatu behar direla aldarrikatzeko eta patronalak gure eskubideak indargabetzeko duen helburuari aurre egiteko" eguna izango da Maiatzaren Lehena LABentzat. "Baita guztion artean bultzatu eta jorratu behar dugun prozesu demokratikoari begira iniziatibak hartzen jarraitu behar dugula aldarrikatzeko ere", amaitu dutenez.

Gainontzeko sindikatuak

Gainontzeko sindikatuei dagokienez, azken urteotan ohi duten moduan, Euskadiko CCOOk eta UGT-Euskadik batera ospatuko dute Maiatzaren Lehena. Bilboko manifestazioan (11:30ean, Jesusen Bihotzetik) buruan izango dira Unai Sordo CCOOko burua eta Damaso Casado UGTkoa. Manifestazio horretan parte hartzeko deia egin zien atzo Sordok langileei, haren iritziz garrantzitsua baita krisi ekonomikoaren inguruan sortu den "borroka ideologikoan ere" sindikatuen jarrera indartzea. "Borroka sutsua ari da gertatzen krisiari aurre egiteko hazkunde orekatua eta aberastasunaren banaketa aldarrikatzen dugunon eta zekenkeriaren eta interes pertsonalaren errezeta zaharrak defenditzen jarraitzen dutenen artean", adierazi duenez.

ELAk ere Bilbon egingo du manifestazioa. “Inoiz baino gehiago sindikatua langileekin” lemapean, "euskal langileria gure eskubideen aurkako erasoak onartzeko prest ez dagoela" aldarrikatuko dute. Martxa goizeko 11:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzaren plazatik, Plaza Biribilean amaitzeko. Manifestazioa hasi aurretik, Adolfo Muñoz “Txiki” ELAko idazkari nagusiak hartuko du hitza. Azkenik, 14:30ean ohiko bazkaria izango da Barakaldoko BEC-en.

Bitartean, zerga bilketan jaitsiera izan delako "aitzakian" Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sektorean "aurrekontu murrizketa basatiak" egin dituztela salatu nahi du EILAS irakaskuntzako sindikatuak. "Esaten digute gerrikoa estutu behar dugula, baina diru publikoa ematen diete bankuei, enpresa handiei edo azpiegitura desarrollistei". Horiek hala, EILASek zerbitzu publikoak indartzeko eskatuko du Maiatzaren Lehenean, "aukeren berdintasunerako berme onenak" direlakoan. Irakaskuntzako sindikatuak 11:30ean jarri du hitzordua, Bilboko Kale Nagusian, Toledo kafetegi parean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun