
Gaur istripua izan du Palentzian EHUko ikasle eta irakasleak zeramatzan autobus batek. Unibertsitateko iturriek zehaztu dutenez, bidaiariak Donostiako
Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasle eta irakasleak dira eta Valladoliderantz abiatu dira, landa-praktika bat egitera. Autobusak talka egin du beste ibilgailu batekin, eta hauek izan dira ondorioak: autobusean egon diren lau irakasleetatik bi zauritu dira, baina arriskutik kanpo daude. Ikasleei dagokienez, bost zaurituta daude, gerrialdeko kontusio edo traumatismo arinekin; gainerako ikasleak, berrogeita hamar inguru, ondo daude, kolpe edo urratu txikiekin. Arkitektura Eskolak beste autobus bat bidali du istripua gertatutako lekura, ikasleak jaso eta Donostiara bueltan ekartzeko, EHUk adierazi duenez. Bostak aldera helduko da. Era berean, eskolako arduradun batzuk ere joan dira istripuaren lekura, bueltarako gestioak egitera eta irakasleak zelan dauden bertatik ikustera. Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea ere istripua gertatu den lekura bertaratzen ari da, zaurituen egoeraz interesatzeko. Argazkian, EHUko hainbat fakultate Leioa eta Erandioko campusean.