
Saneamendu sareak hobetzeko lanak direla eta, astelehenetik (maiatzak 3) aurrera, trafikoa eten egingo dute Neguri eta Areeta auzoetako leku jakin batzuetan. Lehenengo mozketa Lexarreta kalean izango da, Negurin, Makaletako Etorbidea eta Elkano kalearen arteko bide zatian.
Getxoko Udalak zehaztu duenez, astelehenetik aurrera, eta hiru astez, egun osoz egongo da itxita autoentzat, Elkano arroko saneamendu sarea hobetzeko lanak burutu artean. Horren ondorioz, Larrañazubira joateko, Iturgitxiko estratatik (Fadura kiroldegiko atzealdetik) sartu beharko dira ibilgailuak egun horretatik aurrera. Irten, berriz, estrata berdinetik edo Elkano kaletik egin beharko dute, nahiz eta egun kale hori itxita dagoen. Astelehenean bertan zabalduko dute. Azkenik, Itzubaltzeta / Romoko kolektore orokorra zaharberritzeko lanak direla eta, maiatzaren 4an eta 5ean, autoek ezin izango dira Santa Eugenia kalean dagoen aparkalekura sartu, Areetako Maximo Aguirre kalea eta Xake plazaren arteko kaletik. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia Areetako Urkijo kaleko lanetan, aurreko batean / © Getxo.net.