Getxoko Udalak 45.124 euro emango ditu Romo herri ikastetxeko euri-kanalizazio lanak egiteko zein patioetako bat asfaltatzeko. Begoña Ezkurra Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, “egungo krisiak eraginda, diru-sarrera gutxiago izango ditu Udalak. Hortaz, murrizketak izango dira aurrekontuetan. Hala ere, garrantzitsuak eta beharrezkoak jotzen ditugun inbertsioak egiteko ahaleginetan jarraitzen dugu". "Getxoko Udalak Euskal Eskola Publikoaren alde egiten duen beste apustu bat da hau”, gaineratu duenez. Udalerrian 8 herri ikastetxe daude eta Haur Hezkuntzako bi. “Iaz”, azaldu du Ezkurrak, “Udalak 136.634,50 euro inbertitu zituen konponketa eta hobetzeko lanetan eta 150.567 euro instalazioak atontzeko eta berritzeko. Hori ikastetxetan egiten den inbertsioaren %40a da. Ez ditugu zenbatuta, ia egunero, udal brigadek arazo elektrikoak edo urarekin sortzen diren arazoak konpontzeko egiten dituzten lanak”. Argazkian, Romo ikastetxea / © Uribe Kostako IA.