Legaltasun demokratikoa defendatzen zuten alderdi guztiek osatutako kontzentrazio gobernuaren buru izan zen: abertzaleak, sozialistak, komunistak eta errepublikanoak. “Euskal oasia” izena ere hartu zuena gobernatu zuen, gerraren une latzenak gizalegez bizi izan zituen Herria eta gizartea, Estatuko beste leku batzuekiko desberdintasun handiekin.
Agirre izan zen gerra bat galdu zuen belaunaldiaren adierazgarririk handiena. Gerrarekin bat, senitartekoak eta lagunak galdu zituen, frontean eta kartzeletan. Ondasunak ere galdu zituen, behin espoliatuta erbeste luzera alde egin behar izan zuen. Guztia galdu zuen. Guztia gauza bat izan ezik, ordezkari publiko batentzat garrantzitsuena izan behar duena: bere Herriaren errespetua, konfiantza, maitasuna eta miresmena.
Esker on publiko eta orokorraren urtea da hau. Milaka pertsona anonimok gaur egun oraindik bizimodu eta konpromiso eredu ikusten eta sentitzen dute Agirre lehendakaria. Gizarte zibilak ere ez du inoiz oroimen kolektibotik ezabatu. Eta azkenik, euskal erakundeek ere esker ona zor diote, Jose Antonio Agirre ordezkaririk duinena izan baitute: Gobernua, Legebiltzarra, Aldundiak, Batzar Nagusiak eta Udalak.
Agur eta ohore Lehendakari, Egun handira arte.
Eneko Arruebarrena Leioako alkateak herenegun Leioa.eu udal webgunean argitaratutako artikulua.