Gaur burutu den Bilbo Hiribilduko XII Milian emakumeen sailkapena irabazi egin du Itxaso Diaz Tome atleta sopeloztarrak. Guztira, goizeko 10:30etik aurrera, 500 bat kirolarik egin diote aurre 1.609 metroko lasterketari, umeen kasuan 500 eta 1.000 metrora laburtu dena. Guztien artean azkarrena Youssef Denni marokoarra izan da, 4 minutu eta 47 segundoko denboraz. Hortaz, 23 urteko gazte horrek iazko garaipena berretsi du. Dena den, Denniren espezialitatea ez da lasterketa laburra, maratoi erdia baizik. Izan ere, Bilbokoan bigarren izan da birritan. Marokoarraren atzean, Etsub Kassahun etiopiarra eta Victor Perdiz gasteiztarra sartu dira gaurkoan, hiru eta hamar segundora, hurrenez hurren. Emakumezkoei dagokienez, Itxaso Diaz sopeloztarra eta EAEko selekzioko kideak 6'08"-ko marka egin du, bere atzean 11 urteko bi korrikalari gelditu direla. Eider Gorrotxategi durangarrak hiru segundo gehiago behar izan ditu eta Zaldibarko Nora Narbaizak zazpi. Bestalde, Laura Gutierrez erandioztarra zazpigarren gelditu da, milia 6'40"-tan korritu duela. Diazek eskarmentua du miliako distantzian eta, besteak beste, Berangoko Milia irabazi du. Argazkian, Berangoko lasterketaren artxiboko irudia /
Berango Atletismo Taldea.