Algortako Aldapa plaza eta bere inguruak berritu eta modernizatzeko proiektuaren gaineko erakusketa zabalik dago jada, Neguriko Gernika parkean egindakoari lekukoa hartuz. Erakustokia plazan bertan kokatuta dago. Udalak azaldu duenez, "bostehun lagun inguruk bisitatu dute Gernika parkeko erakusketa, eta, guztira, 112 iradokizun aurkeztu dituzte hurbildutakoek". Imanol Landa Getxoko alkateak gaur Aldapan nabarmendu duenez, "herritarren partaidetzaren aldeko apustua azpimarratu nahi dugu. Partaidetza ez da bakarrik erakusketa honetan izango. Auzoz Auzo ekimenaren harira orain arte auzotarrekin izandako batzarrak eta gerora ere horien ordezkariekin proiektuari buruz duten iritzia ezagutu eta horren arabera jarduteko izango ditugunak ere parte hartzeko modua ere badirelako”. Tokiko agintariaren arabera, gauza bera egin dute Itzubaltzeta / Romoko Gobelaurre parkearekin. Argazkian, Imanol Landa alkatea Aldapa parkeko erakusketa aurkezten.