Harritzekoa da Marisa Arrue horrelakoak esaten entzutea. Getxoko PPko bozeramailea hainbatetan agertu da jai eredu herrikoien kontra. Oraingo honetan, ordea, Algortako San Inazio jaiak egiteko tokirik ez dela egongo kritikatu du ordezkari popularrak. Izan ere, Arruek dioenez, "Algortan zehar hainbat obra egiten dabiltza. San Nikolas plaza ere ez dago erabilgarri, alkateak bertan eraiki nahi duen Getxo Antzokia dela eta". Horretaz aparte, hile honetan, Telletxe plazan ere obretan hasiko direla iragarri du. Lan horiek 6 hilabetez luzatuko lirateke, oposizioko zinegotziaren arabera; hau da, urria arte. "Modu honetan, jaietarako esparrurik gabe utzi gaitu Landa jaunak". Irtenbide moduan, Alderdi Popularrekoek Telletxe plazako lanak 2011ko urtarrilera arte atzeratzea eskatu dute. "Horrela, lanak urtarrila eta ekaina bitartean egingo lirateke, urte horretako Algortako jaietarako prest egonda", azaldu duenez. Argazkian, Marisa Arrue aurreko agerraldi batean.