Igande honetan, maiatzak 9, bigarren urtez egingo dute Urdulizen Txori Kantarien Txapelketa. Txinbo Sozietate Ornitologikoak antolatu du, Udalaren babesarekin. Ekitaldia Antsonekoa plazan izango da, eta euria egitekotan, joan den edizioan bezala, toki estali batera pasako litzateke. Aurrekoan, eguraldi kaxkarra zela eta, kiroldegian egin behar izan zuten. Antolatzaileek diotenez, aurten, 150 bat txori aurkeztuko dira. Lehiaketa bi zatitan egongo da banatuta, batetik, federatutako parte-hartzaileak daude; eta bestetik, zale mailan izena eman nahi duen oro. Goizeko 9:30ean hasiko da federatuen lehiaketa eta, ordu erdi geroago, zaleen lehiaketa. Ekitaldia 13:15ean bukatuko dela espero da. Federatu mailan aurkeztuko diren hegazti motak honakoak dira: karnabak, txokak eta bi luma horietako mistoak. Sei sari egongo dira karnabentzat, 11 txokentzat eta hiru bi lumetako mistoentzat. Zale mailari dagokionez, berriz, karnabak, txokak, txirriskilak, txorruak, kanarioak eta mistoak aurkezteko aukera izango dute. Maila horretan, guztira 14 sari egongo dira. Argazkian, kanario bat / cc-by-sa
Dario Sanches