LABen arabera, ondokoak dira eman beharreko pausuak: lehenik eta behin, "gure etorkizunaren inguruko erabakiak euskal jendartearen esku jarriko dituen marko politiko eta instituzional propioa eraikitzea". Bigarren, "herritarron mesedera lan egingo duten instituzioak lortzea". Horrekin lotuta, "egiazko parte-hartze sozialaren bidez", aipatu erakundeek hartu beharreko erabakietan eragina izan beharko lukete herritarrek, LABen iritziz. Bestalde, "politika ekonomikoa eta soziala aldatzea" funtsezkotzat jotzen dute, Euskal Herriko gizon-emakumeen bizitza eta lan baldintzak aldatu ahal izateko.
Jon Anza, langile hilak eta presoak
Baina aldaketarako oinarrietan sartu aurretik, egon zen bestelako aldarrikapenetarako tartea. Areeta, Santa Ana eta Pinueta zeharkatu ondoren, Itzubaltzeta / Romoko San Eugenia plazarako bidea hartu zuen manifestazioak. Orduan, "Zer egin duzue Jonekin? Egia nahi dugu!" irakur zitekeen pankarta zabaldu zuten hiru solidariok, bildutako lagunen txaloen artean. Buzo zuriz jantzitako beste hiru lagunek, berriz, iheslari donostiarra zenaren aurpegia ikus zitekeen kartelei eutsi zieten, "Herriak ez du barkatuko!" aldarria areagotu ahala. Bestalde, Xake plazara helduta, lehenik eta behin, urtean zehar lan istripuan hildako 24 lagunei gorazarre egin zieten. Ohorezko aurreskua dantzatzeaz gain, lore eskaintza egin zitzaien. Bestalde, bertsolari baten ahotik zabaldu zen euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarria: "eta nahi duenak entzun dezala, asko maite zaituztegu!" oihua txaloz hartu zuten Xake plazan jarritako oholtza inguruan batutakoek. Eskumaldeko LAB sindikatuak hilabetean behin egiten du euskal preso politikoen aldeko kontzentrazioa Ipar Uribe eskualde handian, beti lehenengo ostiralean eta herriz herriz txandakatuz. Herenegungo martxan ere presente egon zen aipatu elkarretaratzeetan erabili ohi duten pankarta.
Gazte eta emakume
Iratxe Azkue Eskumaldeko LABeko arduradunak hitza hartu aurretik hainbat izan ziren oholtzatik igarotako lagunak. Gazte mugimenduko kide batek salatu zuen "gaur egungo ikasle alienatuak, biharko langile zapalduak" direla. Heziketa guneetatik atera berri diren neska-mutilek bizi duten "prekarietateari" aurre egiteko, "herri bezala erantzutera" deitu zuen. Ondoren agertokira igotako LABeko delegatuetatik bik mahaigaineratu zuten, gazteekin batera, emakumeak direla "lan baldintzarik okerrenak" sufritzen dituztenak. Besteak beste, Lamiakoko Vicrila, Sopelako Dismodel eta Leioa, Erandio zein Getxoko udal langileen ordezkariak izan ziren bertan, "krisiaren aitzakian" ematen ari diren eskubide murrizketak, enplegua erregulatzeko espedienteak eta langileen kaleratzeak agerian uzteko. Horri guztiari aurre egiteko, "Euskal Herrirako marko politiko eta instituzional propioa" aldarrikatu zuten, "hemen bizi eta lan eginda, gu izan behar garelako erabakiak hartzen ditugunak". "Internazionala" eta "Eusko Gudariak" abestuta eman zitzaion bukaera ekitaldiari.