Zentzu horretan, euskarak aurrera jarraitzen duela, bere normalizazioaren aldeko "gehiengo sozial bat" dagoela eta "gero eta hiztun gehiago" dituela azpimarratu du, "Euskal Herriko biztanleen %25 elebiduna izanik". Hala ere, nahikoa ez dela iritzi dio, gaur egungo egoeran, "euskararen unibersalizazioak ehunka urte" beharko lituzkeelako. Gainera, gaur egun oraindik euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela deitoratu du, administrazioek "eskubide hori urratzen dutelako" eta euskara "beti bigarren tokira baztertzen delako gaztelania edo frantsesarekiko". Testuinguru honetan, Bilbaoren esanetan, etorkizunari begira, Kontseiluaren helburua euskararen normalizazio prozesua "bizkortzea" izaten jarraituko du. Hala ere, orain arte euskararekiko "atxikimendua" eskatzen bazen, orain "konpromisoa" eskatuko dela esan du, "'Bai euskarari'-tik, 'Euskaraz bai'-ra igarotzea".
"Euskara erabiltzea, ikastea eta gozatzea da herritarrei eskatzen dieguna", gaineratu du. Halaber, eragile sozial, politiko eta sindikalei "beren agenda guztietan hizkuntz normalizazioa sartzeko" eskatu die, "euskara guztiona izan behar delako". Gainera, erakundeei ere bide honetan "aurrerapauso bat" emateko galdegin die, eta Kontseilua haien ondoan egongo dela ziurtatu du, "bitartekoak jarriz hizkuntz politika eraginkor bat sortzen laguntzeko, eta gizarteko eragile guztiei proposamenak aholkatuz eta aurkeztuz".
Aurrerapena
Bestalde, sortu zenetik Kontseiluak bere bi "oinarrizko" baliabideen bitartez izandako aurrerapena nabarmendu du Xabier Mendigurenek, hau da, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren eta Bai Euskarari ziurtagiriaren bitartez izandako aurrerapena. Halaber, "lau katu eta ia baliabiderik gabe" hasi zen erakundeak dagoeneko euskal lurralde guztietan 32 langile eta zentroak dituela gogoratu du Kontseiluko idazkari nagusi izandakoak. Azkenik, Bilbaok Kontseilua "oso ongi" ezagutzen duela eta erakundeko idazkari nagusi "oso ona" izateko "gaitasunak soberan" dituela azpimarratu du Mendigurenek. Halaber, "oraindik lortu ez diren" helburuak lortze aldera Kontseiluak lanean jarraituko duela ziurtatu du.