Erandioko Gazte Asanbladaren oharra:
Erandioko Gazte Asanbladak 3 urte bete ditu!
Herrian gazteon arteko elkarlan falta eta pasibotasunari ikusita gazte batzuk honi aurre egitea erabaki genuen.
Urte hauetan, ekimen, jai, aldarrikapen... desberdinak aurrera eraman ditugu.
Bestalde, gure inguruan hain minduta dagoen euskarari leku ematen saiatzen gara gure kontu guztietan. Gure herria kontuan hartuz eta honi gazteok daukagun bizitasuna, sormena eta indarra transmitituz aurrera egiten dugu Erandioko gazteok.
Egun, udalak gazteoi egiten digun eskaintzaz harago doan proiektua da gurea; ilusioa, sorkuntza eta parte-hartze zuzenaz lagundurik baitatoz gure ametsak.
Urte hauetan zehar gure "txokoa" topatzen saiatu garen arren, udala ez dugu bidelagun izan. Aurten okupazioa ere ezagutu izan genuen ordu batzuetan izan bazen ere. Argi daukagu Erandio moduko herri batek Gaztetxea behar duela, herrian gazteok topatzeko gune fisiko baten beharra baitago.
Alde batetik herrian aspaldi antolatuak izan diren ekimenei gure ekarpena egiten saiatzen gara; Olentzero gauean antzezpen txiki bat eginez edota herriko jaietan aktiboki parte hartuz.
Bestetik, gauza berriak sortzen ere lanean aritu gara, esaterako, jaietan urtero (azken 3 urteotan), izugarrizko arrakasta izaten duen Gala Afaria antolatuz, gazte egunak, koadrilen arteko lehiaketa,etxebizitza eskubidearen aldeko aldarriak, inauterietako jaia, hitzaldi desberdinak...
Azkenaldian, herrian gazteriak dituen ohitura eta motibazio falta ikusita, taldeak euren lonjetatik ateratzeko asmoz, Koadrilen Arteko Lehiaketa abiatu genuen, zeinetan hilero koadrilek froga bat egin behar izan duten eta azken froga maiatzaren 8ko gazte olinpiadak izango diren.
Egitaraua:
11:30 Txupinazoa.
12:00 Koadrilen arteko olinpiadak.
12:30 Umeentzako ipuin kontalaria eta tailerra.
14:30 Gazte bazkaria + herriko koadrilek prestaturiko sorpresa + koadrilen lehiaketako sari banaketa.
18:30 Poteo musikatua Hegohaize taldearekin.
21:30 Kontzertuak: erromeria eta Sin Rumba Fija.