Sopelako Udalbatzak bizikidetza normalizaturako babes deklarazioa onartu zuen apirileko osoko bilkuran. EAJ, ezker abertzalea, Alternatiba, EA eta Berdeak ados jarri ziren Saioa Agirre zornotzarra Zipiriñe ikastetxean eskola ematen ari zela atxilotu izana salatzeko; baita Sergio Polo euskal preso politiko sopeloztarrak Guardia Zibilaren eskuetan jaso ei zuen jipoia argi dezatela eskatzeko ere. Bitartean, PSE-EE abstenitu egin zen eta PPk aurka bozkatu zuen. Handik egun batera, ordea, hileko azken ostiralean, Ertzaintzak presoen aldeko elkarretaratzean bildutakoak jazarri zituela zabaldu du Sopela.net agerkari digitalak. "Ekimena amaitzeko bost minutu falta zirenean, Ertzaintzaren kotxe bat eta bi furgoneta agertu ziren. Armak eskuetan eta izugarrizko larderiarekin plazan bildutakoengana hurbildu ziren. Bertan zeudenek alde egingo zutela esan zieten, baina alferrik izan zen. Bi pertsona identifikatu zituzten eta mehatxua bota eta gero alde egin zuten", azaldu dutenez. Argazkian, apirileko azken ostiralean 40 pertsona inguru elkartu ziren Sopelako Udaletxeko plazan / © Sopela.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!