Hitzemandako hainbat proiektu "deuseztatzea edo hondatzea" egotzi die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko PSE-EEren ordezkariei Pilar Ardanza Garraioa eta Hirigintza diputatuak. Foru arduradunak adierazi duenez, daukaten gehiengoa baliatuz, besteak beste, Urdulizen trenbidea lurperatzeko lanak egiteko diru partida kendu dute aurtengo aurrekontutik sozialistek. Ardanzarekin batera izan da gaurko agerraldiak Juan Olea udal agintari urduliztarra. Alkateak azaldu duenez, Uribe Kosta ospitalearen lehen harria bi aste baino lehenago jarriko dute. "Bertara heltzeko trenbidea lurperatzea aurreikusita zegoen. Zer gertatuko da orain larrialdi batera joandako anbulantziek Urdulizera heldu eta trenbide pasaguneko barrerak jaitsita aurkitzen badituzte?", tamaldu du Oleak. Argazkian, Ricardo Ituarte Santurtziko alkatea izan da Ardanza eta Olearekin batera / © Bizkaia.net.