Getxo Kirolak udal erakundeak Bolue 1 eta 2 zelaietako markesinak (partiduak ikustera doazenak euritik babesten dituztenak) kentzeko agindua eman du, egituretan akatsak aurkitu dituztelako. Iaz jarri zituzten horiek. Udal iturriek zehaztu dutenez, futbolari gazte batek pasa den astelehen gauean izandako ezbeharraren ondotik hartu dute erabakia. Estalkitik eskegi eta gero, behera etorri zen, metalezko egiturak ezin izan ziolako mutilaren pisuari eutsi. “Pertsonen segurtasuna da lehentasuna. Hartara, premiaz jokatu behar izan dugu istripu berririk jazotzea ez dugulako nahi. Sentitzen dugu gertatutakoa eta barkamenak eskatzen ditugu, bai ezbehar horrengatik, bai aipatu pergolak aldatzerakoan sortuko diren traba eta eragozpenengatik”, adierazi du Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak. Istripua izan zuen gazteak eskumuturra hautsi zuen. Argazkian, udal arduradunak Bolua 3 futbol zelaiko lanak aurkezten 2009ko otsailean / © Getxo.net.