Eskualdeko gazteak babesteko ekimeneko sustatzaileek esan dutenez, lehen aipatutako 11 neska-mutilek "euren herrietako eremu ezberdinetan, bidezkoa den jendarte bat eraikitzeko helburuarekin lan publikoa egiten dute". "Gazte horiek esparru desberdinetan lan egiten dute, gaztetxeetan, komunikazio proiektuetan, jai herrikoietan… eta bizitza erabat publikoa egiten dute. Beraien delitu bakarra gazteak eta independentistak izatea da, eta hori Euskal Herrian, tortura eta kartzelarekin ordaindu daitekeela badakigu", salatu dute. Atxiloketak ematekotan, horien kontra azaltzera deitu dituzte herritarrak, nork bere eremuan berri emanez; herri bakoitzeko Udalera joaz, alkateari atxilotuen berri zein urgentziazko udal batzarra eskatuz; eta inkomunikaturik egotekotan, inkomunikazioak irauten duen egunetan mobilizazioetan parte hartuz.
Atxikimendu bilketa eta mobilizazioak
Baina, egoera horretara heldu aurretik ere zer egin badagoela adierazi dute. Gazteei babesa emateko lehen urratsa urtarrilaren 8ko prentsaurrekoa izan zen, egoeraren salaketa publikoa eginez. Bigarren urrats gisara datoz atxikimenduen bilketa eta biharko manifestazioa. Gainera, herriz herri hasi dira jada ekimenak antolatzen. Larunbat honetan, martxoak 8, kontzentrazioa egingo dute Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan, 13:00etan. Hilaren 21ean, berriz, herri guztietan izango dira mobilizazioak. Bestalde, Algortan, "Torturarik ez! Ilegalizazioei ez! Proiektu guztien garapenari bai!" lemapeko adierazpenaren osagarri, beste bat plazaratu dute, horren alde ere izenpeak batzeko asmoz. Bigarren adierazpen horretan Imanol Landa Getxoko alkateari zuzentzen zaizkio, "herritar guztien ordezkaria den heinean, bere eskuetan dagoen guztia egin dezan, etorkizunean gerta daitekeen egoera lazgarria ekiditeko". Bestalde, Arartekoari ere egiten diote eskakizuna, "eskubide zibil eta politikorik gabeko egoera honekin bukatu eta, horrekin batera, herritarrek ukan beharreko eskubideak berma ditzala, gazte horiei babesa emanez". Hurrengo egunetan mahaiak jarriko dituzte hainbat lekutan.