Getxoko Udalak duela urte batzuk eskualdeko ondare etnografiko eta linguistikoa jaso eta zabaltzeko martxan jarritako bidean beste pauso bat da proiektua. Duela aste batzuk martxan jarritako Ondare Udaberria zikloko beste jarduera bat ere bada. Bestalde, Imanol Landak jakinarazi zuenez, “inguruko udalerriekin elkarrekin lan egiteko borondatea erakusten du. Zentzu horretan, aurten ere ondareari buruzko bi monografia egiteko beste lankidetza hitzarmen bat sinatu dugu Uribe Kostako Mankomunitatearekin, Erandio eta Leioako udalekin. Eta hemendik aurrera ere lanean jarraituko dugu gure altxorra den euskara berreskuratzeko eta zabaltzeko helburuarekin, hori baita gure konpromisoa”. Ekimen horren kostua 105.500 eurokoa izan da, eta Getxoko Udalak horren %51a jarri du. Uribe Kostako Mankomunitateak, berriz, gainontzekoa. Hala ere, proiektuak Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ere izan ditu.
Eskola materiala
Bildutako informazio guztiarekin lau liburuen bilduma eta DVD bat kaleratu dituzte. Liburu horiek, arduradunek adierazi dutenez, "eskola curriculumean txertatuta eta Haur eta Lehen Hezkuntzetako, 0 eta 12 urte bitarteko, umeei zuzenduta daude". Uribe Kostari buruzko informazioa ugaria da: auzoen eta etxeen izenak, bertako ohiturak, ondoko basoetako landareak eta animaliak, sinesmenak, esaerak... Materiala bi euskarri ezberdinetan banatuko dute: liburuak eta DVDa. Akaitze Kamiruagak esan zuenez, "unitate didaktikoak oso erakargarriak dira umeentzat eta ahozkotasunari ematen zaio garrantzia". Gainera, "orain arte era naturalean gertatzen zen belaunaldien arteko, hau da, aitite-amama eta iloben arteko transmisio, kasu askotan galdu denez, materialak beraien arteko zubia izan nahi du euskara eta bizimodu tradizionalak gal ez daitezen. Aitite-amama ez dituzten haurrek eskola materialarekin edukiko dituzte.”