Berangok kirol pabiloi berria izango du Karabiganen, futbol zelaitik gertu. E Planaren 566.000 euro erabiliz, pabiloi baten ohiko diseinutik harago doan eraikina altxatuko dute: hormigoiz eta egurrez aurrefabrikatutako blokea, alegia. Proiektuaren hurrengo faserako, Berangoko Udalak jarri beharko du dirua, 2011rako amaitzeko asmoz. Gauzak horrela, 1.000 metro koadrotan handiagotuko dute egun udalerrian kirola egiteko erabil daitekeen azalera, tokiko iturriek aipatu dutenez. Futbito, saskibaloia, eskubaloia edota boleibola egiteko egokia izango da erabilera anitzeko kantxa. Tokian bertan, aldagelak, bainugelak eta biltegia ere izango ditu. Jokalekuaz gain, sarreratik heldu ahal izango den 100 metro koadroko harmaila jarriko dute. Argazkian, Anabel Landa Berangoko alkatea / © Berango.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!