Bihar hasiko dira Emakume Gazteen Topaketak Hernanin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mai. 6a, 21:35

Bihar hasiko dira Jaiki gazte feministen eragileak antolatu dituen 3. Emakume Gazteen Topaketak, "Kuleroak burura eta salto mundura" lemapean. Hiru egunez, ostiraletik igandera arte, Hernanira hurbiltzeko deia luzatu dute. Ikasle Abertzaleak erakundeak ere, emakume ikasleak bertaratzera ere gonbita luzatu du. Hiru egun horietan, feminismoaz eztabaidatzeko, "patriarkatuari hortzak erakusteko" eta abar luze bat izango dute egiteko. Aurretik izena ematerik izan ez dutenek bihar bertan edukiko dute horretarako aukera, 17:00etatik aurrera, Hernaniko kiroldegiko frontoian bertan. Aurrez inskripzioa egin dutenek ere izena eman beharko dute toki berean. Bestalde, asteburu osoan zehar egongo da irekita egun bakarreko bonoak eskuratzeko gunea. Joateko zalantza izanez gero, entzun soinu-deia (mp3) hemen.

Jaikiren oharra:

Bueno neskak! Denbora luze honen ostean, topaketen atarian gaudenez, azken ohar eta kontutxoak esatea besterik ez zaigu falta!

Lehenik eta behin, eskerrik asko puntual-puntual izen ematea egin duzuen guztioi, baita kuleroen kanpaina guztian zehar argazkiak bidaltzera animatu zaretenoi ere! (Badakigu argazki batzuk ez direla spot-ea ageri, baina ez larritu, erabiliko ditugu eta!)

Ohar teknikoagoei dagokienez:

Maiatzaren 5a da izen ematea aurrez egiteko azken eguna.

- Ostiralean. izen ematea 17:00etatik aurrera egingo da (bai izen eman duzuenontzat, bai bertan izen emango duzuenontzat).
- Bestalde asteburu osoan zehar izango da irekita egun bakarreko bonoak nahi dituztenentzat inskripzio gunea.
- Lotarako, ez ahaztu lo-zakua eta esterila ekartzea. Eta ahal baduzue linternatxo bat ere ongi etorriko da gaua buru gehiegi ez zanpatzeko.
- Dutxarako txankletak ekarri behar dira.

Eta azkenik ez ahaztu, Bizkaitik autobusa antolatu dela. Bi tokitan hartu ahal izango da:

- Bilboko San Nikolasen, 16:45ean.
- Durangoko Madalena geltokian, 17:30ean.

Azkenik egitaraua hementxe duzue.

Neskak, hainbeste izerdi feministen ondoren... iritsi da eguna zuen kulero dibinoenak kajoitik atera eta buruan jarrita Hernanira joateko! Bertan ikusiko dugu elkar...

Gora borroka feminista!


Ikasle Abertzaleen oharra:

Datorren asteburu honetan, Hernanin burutuko diren Emakume Gazteen III. Topaketak direla eta Ikasle Abertzaleak-eko emakume guztiak Hernanira bertaratzera gonbidatzen ditugu. Ikasle Abertzaleok aspaldi egin genuen feminismoarekiko hautua eta asteburu honetarako antolatutako egitaraua emakume ikasleontzako formakuntzarako eta bizipenetarako oso aberasgarria izango dela deritzogu. Honetaz gain, Jaiki asanbladak EHBErekin batera larunbaterako prestatutako Hezkidetza tailerrak parte hartzera animatzen ditugu ikasle guztiak. Hezkuntza eta feminismoa lantzeko aukera izango dugu tailer honen bidez, eta Ikasle Abertzaleak urte luzeetan burututako Hezkidetza tailerrei ekarpen garrantzitsua egin ahal diegula uste dugu.

Beraz, emakume ikasle guztiak animatu asteburuko gazte topaketetan parte hartzera.

Ikasle Abertzaleak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun