Getxoko Gobernu Batzordeak Areetako azoka zaharra behera bota eta, bertan, BiscayTIK proiektuan jasotako enpresa elkartegia hartuko duen eraikin berriaren sotoan aparkalekua egokitzeko obra lizentzia eman dio Azpiegitura foru erakundeari. Microsoft enpresaren eta Getxoko Udalaren babesarekin, Bake-Eder finkan izango du egoitza nagusia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzaturiko ekimena. Areetako merkatu zaharrean eraikiko den elkartegiak, bere aldetik, Informazio eta Jakintzaren teknologia berrien alorrean adituak diren enpresak hartuko ditu, udal iturrien arabera. Obra lizentzia eman eta gero, laster hasiko dira altxatzen, Mesedeetako Ama, Urkijo eta Ogoño kaleen artean dagoen eraikina eraitsi eta gero. Behera bota ondoren, lehen lehenik, 30 plazako aparkalekua egingo dute Ogoño kale azpian. Karrika hori, aurrerantzean, oinezkoentzat izango da. Argazkian, Areetako azokako saltzaileetako bat denda betirako ixten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!