Herrizaingo Sailak debekatu egin du, bere hitzetan, "Amnistiaren Aldeko Mugimenduak biharko Bilbon deitutako manifestazioa". Martxa arratsaldeko zazpietarako deituta zegoen eta "errepresioarekin amaitzeko eta proiektu politiko guztiak defenditzeko bermea emateko" eskatzea zuen helburu. Baina, polizia iturrien arabera, "ekimena legearen aurkakoa da, Ertzaintzaren kontrako tortura akusazioak egiten direlako eta istiluak egon daitezkeelako". Manifestazioa PSE-EEren egoitzatik gertu abiatu behar zen. Deitzaileari helarazi dioten ebazpenean jasotzen denez, "manifestazioa ezingo da egin, legez kanpo dauden erakunde batzuen ezaugarriak hartzen dituzten zenbait pertsonak eta taldek egindako deialdia legearen aurkakoa delako". Iturri berberek jakinarazi dutenez, "Ertzaintzak beharrezko dispositiboa abiatuko du ebazpena bete egiten dela ziurtatzeko eta Bilboko kaleetan ordena publikoaren kontrako istilurik gerta ez dadin". Argazkian, ertzain baten artxiboko irudia.