Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek "Irrien lagunak" beren azken antzezlana estreinatuko dute eskualdean maiatzaren 22an. Egun horretan, bi emanaldi izango dira Sopelako Urko kiroldegian, udalerri horretako eta inguruko herrietako umeek gehien maite dituzten pailazoak ikusteko aukera izan dezaten. Lehenengo saioa 16:00etan izango da eta bigarrena, berriz, 18:30ean. Sopelako Udalak jakinarazi duenez, sarrerak Kurtzio kultur etxean erosi ahal izango dira etzitik, astelehenetik, aurrera, honako ordutegian: 11:30etik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Sopelan erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute, maiatzaren 13ra arte haiek baino ezin izango baitituzte sarrerak eskuratu. 14tik 17ra, ordea, bestelakoek erosi ahal izango dute, txartelik geldituz gero. Dena den, pertsona bakoitzak lau sarrera hartu ahal izango ditu gehienez. Prezioa bi eurokoa izango da 12 urte bitarteko umeentzat eta zazpi eurokoa nagusiagoentzat. Norbait Sopelan lekurik gabe gelditzekotan, Gorlizen izango du beste aukera bat, pailazoak horra helduko baitira ekainaren 8an. Argazkian, Porrotx.