Sopelbus autobus zerbitzuak bere eskaintza handituko du aurreko urteekiko, udal iturriek jakinarazi dutenez. Horrela, aurten, garraioa gaurtik aurrera ibiliko da eta herri-autobusaren kutsua izango du, herriko erdigunea hondartzekin lotuz. Iaz bezala, bidaiak 0,50 euro balio ditu eta 12 bidaietako bonuak berriz, 5 euro. Autobus zerbitzuak ibilbide bakarra egingo du. Horrenbestez, Atxabiribil hondartzatik abiatuko da, Loroño kaletik udaletxera arte joango delarik. Ondoren, Arriatera hondartzarantz abiatuko da Akilino Arriola kaletik, eliza aurretik igaroz eta Larrabasterrako metro geltokian geldialdia eginez. Ondoren, Atxabiribilera itzuliko da ibilbide bera aurkako noranzkoan eginda. Ordutegia, gaurtik ekainaren 30era, 7:30etik 10:30era eta 14:30etik 20:00etara izango da. Halaber, uztailaren 1etik irailaren 15era, Sopelbus zerbitzua, udakoa zehazki, bi autobusekin beteko da. Horrela, ibilbidea aldatu gabe zerbitzuaren maiztasuna handiagoa izango da, ordu laurden batetik ordu erdira bitartean, geldialdien arabera. Argazkia: © Sopelana.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!