"Torturarik ez! Ilegalizazioei ez! Proiektu guztien garapenari bai!" lemapean, joan den ostiralean, hilak 7, eskualde mailako manifestazioa burutu zuten Algortako kaleetatik. Hitzordua 20:00etan jarrita zegoen, eta orotara 300 pertsona inguruk egin zuten bat
deialdiarekin. 2009 bukaeran izandako polizia operazioan, Segiko kideak zirelakoan, 34 gazte atxilotu zituzten. Sarekada horren baitan, hilabete beranduago, eskualdeko gazte bat ere atzeman zuten. "Inkomunikazio aldiko galdeketetan jasandako torturen bidez, bere buruaren kontrako erruztapenak egiteaz gain, Uribe Kostako eta Erandioko 10 gazteren aurkako erruztatzeak sinarazi zizkioten. Ondorioz, eskualdeko 10 neska-mutilen izenez osatutako zerrenda beltza egin zuen Poliziak. Edozein unetan, egoera politikoak hala eskatzen duenean, horiek ere atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izateko arrisku bizian aurkitzen dira", salatu zuten deitzaileek. Horregatik, eskualde mailako manifestazioa deitu zuten gazte horiei elkartasuna eta babesa emateko asmoz. Itzubaltzeta / Romon larunbatean egin zuten elkarretaratzea, 13:00etan, Kolas plazan. Argazkian, egunean bertan egindako manifestazioa.