Larunbat honetan, hilak 15, Koadrilen Eguna ospatuko dute Sopelan. Goizeko hamarretan hasiko dira ekitaldiak, baina, berez udaletxeko plazan egin behar zutena, Plaza Beltzera (euskaltegi ondora) aldatu dute. "Herriko talde batek hartuta zeukan aurretik udaletxeko plaza eta bertan karpa bat muntatzeko asmoa daukate",
Gazte Asanblada Sopeloztarreko kideek azaldu dutenez. Horrenbestez, eguna hasteko, ibilalditxoa egingo dute Eguzkiren eskutik, 10:00etan udaletxe plazatik abiatuta. Besteak beste, LZPren obrak zeharkatuko dituzte, "sarraskia ikusi ahal izango delarik". Horren ostean, zeozer jateko aukera egongo da, txalaparta doinuaz alaiturik. Beranduago, 15:00etan, herri bazkaria egingo dute. Horretarako txartelak aldez aurretik erosi beharko dira Plaza Beltza Kulturgunean (Akilino Arriola 59, Larrabasterra). Bazkaldu ostean, jolasak izango dira. Eta azkenik, egunari bukaera emateko, poteoari ekingo diote herriko tabernetan zehar, musikaz alaituta. Argazkian, Koadrila Egunaren aurkezpena Sopelan / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.