Aurreko astean eskualde guztietan langile asanbladak burutu eta gero, LAB sindikatuak eta langile kolektiboak egunero mobilizazioak egitea erabaki du eskola jantokietako "Patronalaren eraso honi aurre egiteko, proposamen ekonomikoa berreskuratu eta horrela negoziatzen jarraitzeko". Horrela, gaur goizean, elkarretaratzea izan da Erandion, gatazka horretan nahastutako enpresetako baten aurrean. Maiatzaren 4an enpresek "negoziazioak apurtu" ostean, "orain badirudi kolektiboa erabili nahi dutela Eusko Jaurlaritzak beren -enpresen- proposamen eza finantzatzeko; jantokietako langileon eta zerbitzua erabiltzen duten haurren kontura lortu nahi dute hori", LABek salatu duenez. "Arduragabekeria horrekin enpresek erakutsi dute ondorioak ez zaizkiela axola; eta larriena dena, gezurra esan diote kolektiboari eta jendarteari orokorrean", gaineratu du sindikatu abertzaleak. Argazkian, LABek maiatzaren 1ean Areetan egindako manifestazioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!