Ostiral honetarako, maiatzak 14, Sopelako udaletxe aurrean deitu dute elkarretaratzea, 19:30ean, hainbat auzotarrek,
Sopela.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Horren bitartez, euren animaliek, kasu honetan txakurrek, dituzten eskubideak aldarrikatu nahi dituzte. Diotenez, animaliak babesteari buruzko Eusko Legebiltzarraren urriaren 29ko 6/1993 Legeak aintzat hartzen ditu horiek. Aipatu legearen 12. artikuluan aipatzen denez, "udalak ahaleginduko dira herriko lorategietan eta parketan txakurrak paseatzeko eta txakurren aisialdirako leku egokiak eta behar bezala seinaleztatuak prestatzen". Kontzentrazioaren ostean, paseotxoa egingo dute txakurrekin antolatzaileek. Sopela.net-ek zehaztu duenez, ostiraleko protesta ez dago
Sopelako Txakurren Lagunak elkarteak deituta, horrekin bat egin eta parte hartzera deitu duten arren. Dagoeneko indarrean dago
Sopelako hondartzetako udal ordenantza berria. Besteak beste, edozein espezietako animaliak hareatzetan sartu eta bertan egoteko debekua ezartzen du horrek, maiatzaren 1etik urriaren 31ra arteko epean, biak barne. Argazkian, hainbat txakur hondartzan jolasten / © Sopelako Txakurren Lagunak.