URAren egitasmoa abian da honez gero Salsidu-Zubieta eta Negurin egiten ari diren premiazko lanekin, hauen helburua udalerrian uholde arrisku handiena duten lekuetan arrisku hori gutxitzea dela. “Baina ezin dugu ahaztu”, esan du alkateak, “premiazko lan hauek Gobela ibaiaren gaineko jarduera orokorrago baten zati bat baino ez direla. Egitasmo orokor hori da, hain zuzen, Getxon ibaiaren ibilgu osoan uholde arriskua txikitzeko sortuta eta diseinatuta dagoena. Behin betiko irtenbidea, zalantzarik gabe, ibilgu osoan jardutea da, URAk idatzitako proiektuan jaso eta 2009ko urtarrilaren 30ean Getxoko Udalbatzak aho batez onartu bezala”. Landak, azken informazioak "ardura eta zalantzak" eragin dizkiotela eta, gaur bertan premiazko bilera eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Pilar Unzaluri, datozen urteotan proiektu honen garatzea bermatuko duten inbertsio planaren gainean Gobernuak dituen asmoak bertatik bertara ezagutzeko. “Eta batzar horretara, ziur nago, auzotarren eta udalerriko alderdi politiko guztien babesarekin joango naizela. Gainera, alderdiak Bozeramaleen Batzordera deituko ditut aste honetan bertan maiatzeko udalbatzara adierazpen instituzionala eramateko. Bertan Eusko Jaurlaritzari eskatuko diogu datozen urteotan behar diren aurrekontuekin, proiektu orokorraren tramitazio eta exekuzioarekiko konpromisoari eustea”, azaldu du udal agintariak.
Auzotarrekiko konpromisoa
Landak berriro aipatu du uholdeek kaltetutako "auzotarrekiko bere konpromisoa hasiera batetik oso argia" izan dela. Azaldu duenez, premiazko neurrien garapena bultzatu, eta horretarako, lan horiek egiteko beharrezkoak ziren lursail publiko zein pribatuak URAren eskuetan utzi ziren, besteak beste. "Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa lortu genuen Gobelako proiektu orokorraren inguruan, egitasmoa garatzeko eta lanak egiteko, horixe baita berme bakarra errekaren inguruetan dauden guneetan uholderik gerta ez dadin", gaineratu duenez. Proiektu hori 30 milioi eurotan finkatu dute URAren arduradunek eta hori garatu aurretik egin beharreko ingurumen ebaluazioak 12 hilabeteko epea hartuko dute, euren ustetan. Dagokion partaidetza prozesua eta lanen esleipena eginda, lanok urte batzuez luzatuko dira. “Ingurumen sailburuak berrestea espero dugun konpromisoa horixe da”, alkateak zehatu duenez.
Era berean, Landak adierazi du, URArekin ari direla lanean “leialtasunez eta lankidetza eta koordinazio instituzionalari eutsiz, badakizkigulako neurri honetako proiektu batek, ikuspuntu guztietatik, prozedura, ingurumen, aurrekontu eta abarretik, dakartzan zailtasunak". Kasu horretan, Neguriko auzotarrek agertutako kezka eta zalantzen karietara, URArekin "zuhurtziaz eta errespetuz" jokatu dutela aipatu du Landak. "Zuzenean auzotarrei obrari eta bere kronogramari buruzko informazioa emateko konpromisoa helarazi ziguten, kezka eta zalantzetan berriro jausi barik”, gaineratu du tokiko agintariak. Halere, Landak behin eta berriz azpimarratu du Gobelako proiektu orokorrak Eusko Jaurlaritzaren datozen urteotako inbertsioetan lehentasuna edukitzearen beharra.